Diktaduraren aurka borrokatu zirenen lana aitortzeko egin, eta diktaduraren krimenen estalki bihurtu. Amnistia esan, amnesia eragin. 1977. urteko Espainiako Amnistiaren Legea frankismoaren babespean egindako nazioarteko krimenak epaitzeko traba dela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Hots, krimen horien biktimen egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea ezbaian geratu da. Legea memoria historikoa berreskuratzeko traba den arren, lanean nondik jarraitu badela uste dute adituek.
Giulia Tamayo Amnesty Internationaleko kide eta abokatuaren iritziz, Amnistiaren Legea ez da gizateriaren aurkako krimenak epaitzeko oztopoa. Hau da, ez litzateke indargabetu behar. Amnistiaren Legeak nazioarteko krimenak aipatzen ez dituela gogorarazi du, «xede politikoko delituak» baizik. Hortaz, legean agertzen ez dena interpretatu egin daitekeela esatea zentzugabekoa dela uste du. «Tranpa hori erabili dute, eta tranpa horren eskutik heldu da lege hori baliogabetzeko beharrari buruzko eztabaida; astakeria juridikoa da».
Tamayok gogorarazi du 1977. urtean Espainiak irudia zuritzeko ahaleginean ari zela, eta demokraziarako pausoak ematen ari zela islatu nahi zuela. Testuinguru horretan, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna berretsi zuen Amnistiaren Legea onartu baino hilabete eskas lehenago. «Itun horrek etengabeko jurisprudentzia eragin du nazioarteko krimenei amnistia emateko ezintasunaren inguruan».
Amnistiaren Legeak Espainiako gobernuei «anbiguotasunez» jokatzeko aukera eman diela uste du Tamayok. «Legeak gizateriaren aurkako krimenak aipatzen ez dituenez, nazioarteko zuzenbidea errespetatzen duela aldarrikatu dute, baina krimen horiek epaitu gabe uzten saiatzen ari dira». Ordea, egoera aldatu dela uste du. Espainiako Auzitegi Gorenak «anbiguotasun» horrekin hautsi duela deritzo, Baltasar Garzonek frankismoko krimenak ikertzeko abiatu zuen kasuari buruzko sententzia baliatuta.
Auzitegi Gorena «txibiaren estrategia» erabiltzen saiatzen ari dela nabarmendu du Tamayok: «Tinta bota dute eztabaida erabat nahastu arte; dena interpretatu daitekeela ematen du orain». Frankismoak krimen horien egileen «zigorgabetasuna» mantendu nahi zuela uste du, delitu horietako batzuk 1977ko urriaren 6aren ostean ere egin direlako. Ume lapurtuen auzia zein desagerrarazitako pertsonena aipatu ditu delitu horien adibidetzat: pertsona hori non dagoen argitu artean, delitua mantendu egiten da.
Tamayoren ustez, Auzitegi Gorenaren sententziak egiten duen interpretazioa, «ankerkeria» izateaz gain, kontraesanezkoa da. Desagerrarazitako pertsonen ikerketa lurralde epaitegien esku utzita, biktimen erreparaziorako eskumena onartzen diete, baina, betiere, pertsona pribatu batek egindako delitu baten moduan hartuta. Horrez gain, egia ezagutzeko bidea ere eteten du, pertsona desagerrarazi zutenen nortasuna eta zer baldintzatan gertatu zen ere egiaren barruan dauden elementuak baitira.
Interpretazioaren garrantzia
Jon Mirena Landa Gorostizak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen bulegoko zuzendari ohiak, Amnistiaren Legea bertan behera uzteko beharra aipatu du. «Ez da nik diodan zerbait; hori eskatu diote Espainiari giza eskubideen hiru itun nagusiak kontrolatzen dituzten Nazio Batuen Erakundeko [NBE] organoek». Hiru batzorde horien azken oharra 2009an kaleratu zen, baina errepikatutako eskaera da. Duela hilabete eskas, NBEko Goi Mandatariaren Bulegoak gogorarazi zuen Espainiak gizateriaren aurkako urraketak ikertu behar dituela, nazioarteko legediari jarraiki.
Landak nabarmendu du lege soil bat baino ez dela behar 1977ko Amnistiaren Legea baliogabetzeko. Espainiako Diputatuen Kongresuko gehiengoak 1977ko legea zehaztu, zuzendu edo bertan behera uzteko testua onartuko balu, nahikoa litzateke. Gainera, borondatea balego, Espainiako ordenamendu juridikoko arau gorenak, Espainiako Konstituzioak, frankismoko krimenak epaitzeko aukera eman dezake.
Landak gogorarazi du, Espainiako Konstituzioaren 10. artikuluaren arabera, ordenamendu juridikoa Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren eta horri buruzko hitzarmenekin bat etorriz interpretatu behar dela. Hau da, Espainiak nazioartean sinatutako akordioak haren barruko zati bihurtzen ditu. Ordea, Auzitegi Gorenaren interpretazioa beste bat izan da. Amnistiaren Legeak babesten duena ezin da epaitu, eta nazioarteko krimenak ere bertan kokatu ditu. Ordea, Landak gogorarazi du iritzia aldatu dezakeela. «Arazoa juridikoa bainoago politikoa da».
Etorkizuna
Tamayoren ustez, Espainiako Auzitegi Gorenaren sententziak «izutzeko» helburua du. «Perukoa naiz, eta han autokrata lotsagabekoenek ere dudak zituzten nazioarteko krimenak ikertzen zituzten epaileen aurka joateko». Dena den, uste du horrek prozesua azkartuko duela. «Txibiaren tinta desagertzen ari da, eta agerian geratzen ari da krimenen egileen zigorgabetasuna mantentzeko propio egindako ahalegina». Amaiera gero eta gertuago dagoela uste du, eta «denborak eta amnistiek» ere ez dutela galaraziko uste du.
Maria Servini de Cubria epaile argentinarrak abiarazitako ikerketaren zilegitasuna nabarmendu du Tamayok, nazioarteko zuzenbideak jurisdikzio unibertsala gauzatzeko aukera ematen baitio. Ikerketa Argentinan ez ezik Espainian ere egin dezakeela gogorarazi du Tamayok, eta gaineratu du Servini de Cubria ekainean etorriko dela, zenbait biktimaren deklarazioak hartzeko. «Lankidetza judizialera behartuta dago Espainia; Argentinako epaileak erantzule bat identifikatuko balu, estradizioa eskatu ahal izango luke, eta Espainiak eskaera aintzat hartu beharko luke».
Estatu batek delitu batzuk epaitu nahi izateak ez du esan nahi epaituko dituenik, ordea. Hau da, Espainiak, eskaera aztertu arren, ez du zertan pertsona hori estraditatu. Dena den, Landak nabarmendu du ekimen horrek, gutxienez, «esanahi sinbolikoa» duela. «Halakorik gertatuko balitz, pertsona batzuek jakingo dute bidaiatuz gero agian atxilotu egin ditzaketela, beste herrialde bateko epaimahaiaren aurrera eramateko». Horrez gain, lurralde epaileren batek gaiari helduko dion itxaropena du Tamayok, Auzitegi Gorenaren sententziak horien lana mugatu arren.
Nazio Batuen Erakundeak Amnistiaren Legea bertan behera uzteko eskaria, Maria Servini de Cubria epaile argentinarra egiten ari den ikerketa, biktimen lana... Tamayok gogorarazi du presioa gero eta handiagoa dela, eta nazioartean dagoen joera argia dela. Argentina, Uruguai, Guatemala, Txile eta beste hainbat herrialdetan gertatu dena gogorarazi du Tamayok: «Denek itxi nahi izan zituzten historiako pasarte batzuk, baina bideak sortu dira justizia egin ahal izateko».
Autogobernua, aukera
Espainian auzitegietako bidea zaildu dela ikusita, Landak beste ildo bat landu beharko litzatekeela uste du, Euskal Autonomia Erkidegoko oroimen historikoaren lege propioa, kasu. «Jar ditzagun bitartekoak egia ateratzeko; bide estrajudiziala litzateke, baina zilegitasun osoa izango luke». Lege horren bidez, betiere adostasun zabalenarekin onartuta, Espainiako legediaren gutxieneko eskaerak igo daitezkeela uste du. «Sinetsita nago kate horrek bestelako katea ateratzen lagunduko duela, helmugarantz».
Landak gogorarazi du hori egiteko borondate politikoa baino ez dela behar. Lege horren diskurtsoa ofiziala bihurtuko balitz, atal juridikoetara ere helduko litzatekeela, eta «palanka» moduan erabili ahal izango litzatekeela nabarmendu du. Horrelako zerbait lortzea «pauso itzela» litzatekeela uste du Landak, eta Espainiako Gobernua atzera botatzen saiatuko litzatekeela erantsi du. «Legea badago, bitartekoak daude, eta, bitartekoak badaude, jendearen indarra hobeto artikulatzen da».
Etorkizunera begira, Landak aholkatu du asimetriak eta lastertasun ezberdineko irizpide juridikoak bukatu behar direla: terrorismoaren aurkakoa, oroimen historikoa, estatuaren delituak... Garrantzi ezberdina duten «pakete juridiko» ezberdinak ezin direla mantendu gaineratu du: «Egia ikusteko, dena jarri behar da mahai gainean; demokrazia osasuntsu batek badaki zer eskarmentu atera egiaren aurrean».
Memoria Historikoa. Espainiako 1977ko Amnistiaren Legea
Frankisten pagotxa
1977ko Amnistiaren Legeak frankismoan egindako nazioarteko krimenak ere babesten dituela ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak, nazioarteko eskaerak aintzat hartu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu