Bilbon presoak Euskal Herriratzeko manifestazio handia egingo den egun berean eman dute berria egunkariek, eta goizean bertan baieztatu du Jean-Noel Etxeberri Txetx bakegileak Radio Euskadin: datozen asteen Frantzia euskal presoak gerturatzen hasiko da Mont-de-Marsan eta Lannemezango espetxeetara. BERRIAri ere baieztatu dio berria gero.
Diario Vasco-n Frantziako Justizia Ministerioaren bozeramailearen hitzetan hurbiltze horiek aipatzeak berriari ofizialtasuna gehitzen ote dion galderari hauxe erantzun dio Etxeberrik: "Jadanik komunikatu izan dugu abenduaren 27ko bilkuratik landa Justizia Ministerioak azaldu zigula ez zuela printzipiozko aurkakotasunik presoen hurbiltzea abiatzeko Lannemezanen eta Mont-de-Marsango presondegietara. Baita segituko zuela DPS (bereziki zainduak diren presoak) estatusa kentzeko politikarekin ere. Alde horretatik, ez da deus berririk atera den albistean. Salbu, ematen duten aste zenbaiteko epe hori. Egia da aipatu zigutela hori, baina nahiago genuen horrelakorik ez aipatu publikoki. Bat da erabaki politikoa, eta beste gauza bat da horren gauzatzeko hartzen den denbora, presondegiko administrazioaren filtrotik pasatuz. Kasu guztietan, gaur, mentura handiak dira lehen hurbiltzeak ondoko asteetan gertatzea".
Frantziako Ministerioaren hitzak erabiliz Diario Vasco-k zabaldu duenez, epaiketa egina duten presoak gerturatuko ditu, haiek banaka egindako eskaerei jarraituz. 61 euskal preso daude gaur egun Frantziako espetxeetan; haietatik sei, Lannemezanen, eta bat, Mont-de-Marsanen. Guztietatik sei bakarrik daude epaitu gabe, eta, beraz, horiek Paris inguruan mantenduko dituzte.
Lan esparru horretan, hiru bilera egin dituzte, eta Vicent Bru Errepublika Martxan-eko diputatua da Euskal Herriko negoziazio taldeko kide bat, eta hark BERRIAk egindako elkarrizketan esan zuen hurrengo bileran urratsak espero zituela.
Espainiako espetxetan 232 preso daude, eta haiek ere hasiak dira gerturatzeko banakako eskaerak egiten. Urratsak egiteko prest daudela esan zion Jon Olarra Guridi EPPK-ko mintzaideak Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileari. Nolanahi ere, Espainian ez dago lan esparrurik irekita. Foro Soziala lanean ari da bide horretan, alderdien arteko konfiantza sortzeko.