Frantziak ez du baldintzapean aske utzi Urrutikoetxea

2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Frantziako Kasazio Auzitegiak baztertu egin du Josu Urrutikoetxea euskal presoa baldintzapean aske uzteko haren abokatuak egindako eskaera, atzo arratsaldean jakin zenez. Irailaren 11n, Dei Auzitegiak atzera bota zuen abokatuen galdea, eta defentsak Kasazio Auzitegira jo zuen. Auzitegi horretan atzo ez zen auzi saiorik izan; prozedura tekniko batean oinarrituta —Kasazio Auzitegia ez da mamian sartzen—, epaimahaiak erabakiaren berri eman du. Defentsa abokatu Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinaccek aurki jasoko dituzte auzitegiaren erabakiaren argudioak. Fiskala eta estatu ordezkaria presoa libre lagatzearen aurka zeuden.

Aurtengo maiatzaren 16an atxilotu zuten Urrutikoetxea, Frantziako Alpeetan, Sallanches herrian. Ekainaren 19an, Dei Auzitegiak baldintzapean libre uztea erabaki zuen, baina preso segitu zuen, Espainiako Estatuaren eskaera bat zela eta. Irailaren 2an prostatan ebakuntza bat egin zioten, Parisko erietxe publiko batean; hain zuzen, atxilotu zutenean ospitale batera zihoan, ebakuntza egitera. Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950) Parisko La Sante espetxean daukate preso.

Urrutikoetxearen aurkako bi euroagindu eta bi estradizio eskaera daude Madrilen, eta, horrez gain, Frantzian ere bi aldiz epaitua izatekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.