Frantziak inplikatu egin behar duela esango dio Maitiak PSren buruari

Bake eta normalizazio prozesuan inplikatzeko eskatuko dio Urizarrek Basagoitiri hilaren 12an egingo duten bileran

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako eta Frantziako gobernuek keinuak egin behar lituzketete, gatazka konpontzeko borondatea erakusteko. Hala uste du Frantxua Maitia Akitaniako kontseilariak. Bakea lortzeko «okasio biziki berezia» dela uste du, eta gobernuek indar egin behar dutelakoan dago. Hori esateko, eskutitz bat idazten ari da François Hollande Frantziako presidentetzarako hautagaiari bidaltzeko.

Maitiak dio herritarrek sentitu egin behar dutela gobernuen aldetik badela borondatea, eta horregatik ematen dio garrantzia keinuak egiteari. Keinu horietako bat euskal presoek zigorrak familien bizitokietatik gertu betetzea izango litzatekeela nabarmendu du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. «Justiziaren erabakiak errespetatuz» egin daitezke keinu horiek, haren esanetan. Hortik aurrera, «gauza zailak» egin behar dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek, eta uste du egokia dela «segida» hori sekretuan egitea.

Maitiak horretatik guztitik aparte kokatzen du alderdiek osatu beharreko elkarrizketa mahaia. «Euzkadiren geroari buruz» egin beharreko elkarrizketa horiek beste toki batean egin behar direla azpimarratu du.

Ezker abertzalea legezko izatea ere ezinbestekotzat jo du. Alderdi bat, bi edo nahi dituenak eduki behar dituela, jarduera publikoan arazorik gabe aritu ahal izateko.

EAk, arduraz jokatzeko deia

«Bake eta normalizazio politikoan» arduraz jokatzeko eta inplikatzeko deia egingo dio Pello Urizar EAko idazkari nagusiak Antonio Basagoiti EAEko PPren lehendakariari hilaren 12an egingo duten bileran. Alderdi guztiek jokatu behar dute arduraz, Urizarren irudiko, baina PPk ardura berezia duela azpimarratu du, Espainiako Gobernuan dagoen alderdia delako.

ETBn egin dioten elkarrizketan esan du gauza asko egin daitezkeela legea aldatu gabe eta diskrezioz, borondatea baldin badago. Haren iritzian, ezin da espero urratsak alde batek bakarrik egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.