Euskal presoak

Frantziak jada utzi du David Pla Espainiako Poliziaren esku

Soto del Realeko espetxean sartu dute, Madrilen. Bihar eramango dute epailearen aurrera.

David Pla, joan den abenduan, Hendaian. BERRIA
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 18a
12:31
Entzun

David Pla euskal preso ohia Espainiako Poliziaren esku laga du jadanik Frantziak. Donostiako komisariara eraman dute lehenik, eta handik Madrilera, Soto del Realgo kartzelan sartzeko. Bihar goizean dira Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatekoak, epailearen aurrean deklara dezan (h)Alboka auzian.

Joan den ostegunean atxilotu zuten, Hendaian (Lapurdi), polizia etxera sinatzera joan zenean. Hendaian bertan bizi da, familiarekin, eta, iazko apirilean aske geratu zenetik espetxe zigorra osorik beteta, astean bitan joan da sinatzera, euroagindu eskaera ebatzi arteko neurri administratibo bategatik. Baionako espetxean sartu zuten, behin-behinean. Atzo ere jaso zuen sendiaren bisita, eta familiaren iturri batek esan zuen Pla «ondo» dagoela. 

2011ko euroagindu eskaera batean, Auzitegi Nazionalak Plari egotzi zion 2008ko maiatzaren 17an Mimizanen (Landak, Frantzia) bilera bat egin zuela etakide batekin. Frantziako Dei Auzitegiak onartu egin zuen eskaera, iazko azaroan, eta Kasazio Auzitegiak ere bai, abenduan, defentsak helegitea aurkeztu ondoren. Euroagindua zenez eskaera, epaileak ez ziren mamian sartu. Hala ere, auziak badu esangura, Frantziako Poliziaren Zerbitzu Antiterroristaren txosten batek baitio Madril egia ez den froga batean oinarritu zela euroagindua galdegiteko, Parisek egiaztatua baitu 2008ko egun hartan Pla Fresnesko espetxean zegoela, euskal preso bat bisitatzen. Xantiana Cachenaut defentsa abokatuak Poliziaren akta eman zien epaileei. 

Auzitegi Nazionalak ETAren eta EPPKren arteko «lotura» egitea eta presoen kolektiboa «kontrolatzea» egozten die (h)Alboka auziko kideei. Parisek iaz etakide izateagatik epaitu zuenez Pla, Madrilek orain ezingo luke delitu bera leporatuta epaitu. Cachenautek esan du epailearen aurretik pasatu eta berehala libre utzi beharko luketela bere bezeroa.

Abokatuak udazkeneko auzi saioetan azaldu zuen, batetik, Espainiak aipatutako gertakaria Frantziako Estatuan gertatu zela; eta, bestetik, Frantziak, Madrilen akusazio horrengatik Pla 2010eko apirilean atxilotu zuenean Hendaian, prozedura bat ireki zuela, eta, gainera, epaileak kargurik gabe aske utzi zuela handik egun gutxira. Haren iritzian, bazegoen euroagindua ez onartzeko arrazoirik eta jurisprudentziarik.

Azkenekoz 2015eko irailean atxilotu zuten, Baigorrin (Nafarroa Beherea), ETAren zuzendaritzako kidetzat jota. Plak gero jakinarazi zuen konponbiderako ETAren ordezkaritzako kidea zela. 

ETAren desegitearen lehen urteurrenean elkarrizketa egin zion BERRIAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.