Abisatu zuen duela hiru aste Jerome Cahuzac Aurrekontuetako ministrordeak, alegia, Frantziako Gobernuak abiadura handiko tren (AHT) proiektu batzuk bertan behera utzi beste aukerarik ez duela izango. Ez zuen proiektu zehatzik aipatu ministrordeak orduan. Orain zehatzago hitz egin du: Tours-Bordele-Irun AHTaren proiektuarekin jarraitzea merezi ote duen zalantza dauka François Hollanderen exekutiboak.
Ministrordearen adierazpenei lehen kritika gogorrak egin zizkieten atzo Lapurdiko proiektua babesten duten ordezkari politikoek. Esate baterako, Jean Jacques Laserre Pirinio Atlantikoetako kontseilari nagusi ohiak (Modem) eta Max Brisson UMPko buruak deitoratu egin dute gobernuaren jarrera. «Beste kolpe bat» da Biarnoren eta Euskal Herriaren aurka, Laserreren ustez. «Kolpe latza gure departamenduarentzat, zeren dagoeneko diru kopuru itzelak eman baititugu Tours-Angulema-Bordele zatia finantzatzeko: 100 milioi euro guztira, eta horietatik 22, 2012. urtean».
Gauzak horrela, Laserrek eskatu dio Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiari bertan behera uzteko egitasmo horri egiten dion ekarpen ekonomikoa, Euskal Herriarekiko eta Biarnoarekiko lotura guztiz bermatzen duten arte.
Bestalde, Max Brissonek ohartarazi du Ipar Euskal Herriko hautetsien ekarpen ekonomikoak baldintza bat duela: AHTaren lerroa Euskal Herriraino iristea. Gaur egun, hala izango den bermerik ez du ikusten Brissonek. «Departamenduko ogbernuak, beraz, bere ardura hartu behar du eta estatuaren engaiamendurik ezari aurre egin».
Mendebaldeko Miarritzeko kontseilaria harrituta dago AlainRousset Akitaniako presidentearen jarrerarekin. Izan ere, gertatzen ari denaren inguruan isilik dagoela leporatu dio Brissonek. «Ez al zuen hau 2010eko hauteskunde kanpainako bere konpromiso nagusietako bat?», galdetu dio UMPko buruak Akitaniako presidente sozialistari.
Tren lasterrak Euskal Herriraino ailegatzearen aldeko jarrera irmoa azaldu du orain arte Alain Roussetek.
Frantziak zalantzan jarri du Lapurdiko tren lasterra
Jerome Cahuzac ministroak dio duda sortzen diola proiektu horrekin jarraitzea merezi ote duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu