Lehengo astean iragarri zuen Frantziako Gobernuko presidente Emmanuel Macronek osasun ziurtagiriaren erabilera legez orokortzeko asmoa. Garraio publikoa erabiltzeko, adibidez, edo jatetxe batean sartzeko, COVID-19aren aurreko immunitatea erakusten duen ziurtagiria aurkeztu beharko da. Txertoaren bidez, gaixotasuna igaro berria dela egiaztatuta, edo test negatibo baten bidez lortu ahal izango da aldeko ziurtagiria.
Zalantza handiak eragin zituen proposamenak, kritika ozenak ere eragin ditu, baina aurrera doa lege proiektua: Asanblea Nazionalak onespena eman dio. 117 diputatuk aldeko botoa eman dute, eta 86k aurkakoa. Orain asteburuan legeak Senatuan ere onespena lortzea da plana, eta, hartara, abuztuaren hasieran indarrean jartzea.
Osasun ziurtagiriaren erabilera orokortzeko neurriak azaltzearekin batera, Macronek esan zuen, baita ere, osasun profesionalak txertatzera derrigortuko dituztela lege proiektu horren bitartez. Irailaren 15a bitarteko epea jarri diete horretarako. Kritikak eragin ditu erabaki horrek ere, pertsonen erabakitzeko askatasuna urratu egiten dela argudiatuta.
Gobernuko ordezkariek onartu dute legearen xede nagusia dela jendea txertaketara era«masibo» batean bultzatzea, izurriaren aurka egiteko tresna ezinbestekoa dela iritzita. Gobernuko eledun Gabriel Attalek argi utzi du mezu hori: «Birusaren delta aldaerak gauza bakar bati dio beldurra: txertoari».
Aste honetan bertan ziurtagiria eskatzen hasi behar izan dute 50 lagun baino gehiagoko ekitaldiak antolatzen dituzten tokietan. Dudaz eta zalantzaz beterik hartu dute betebehar hori eragile askok, eta informazio falta ere deitoratu dute.