Albistea entzun

Koronabirusa

Ziurtagiria baldintza gisa

Gaurtik aitzina, osasun ziurtagiria ezinbestekoa izanen da Ipar Euskal Herrian kultur eta aisialdi jardueretarako. Arlo horietako eragile batek baino gehiagok informazio falta deitoratu dute.
Mugikorrean eraman daiteke osasun ziurtagiriaren QR kodea.
Mugikorrean eraman daiteke osasun ziurtagiriaren QR kodea. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko uztailak 21 - Baiona

Zinemara joatea, ikusgarri parkeko igerilekura salto egitea, museo bat edo bestelako leku turistiko bat bisitatzea, ikusgarri batera joatea... Gaurtik aitzina, ez da erabat librea izanen Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. 50 pertsonaren muga gainditzen duten espazioetara sartzeko derrigorrezkoa izanen da osasun ziurtagiria eramatea. Gabriel Attal Frantziako Gobernuko bozeramaileak erran du «malgutasunez» jokatuko dutela, baina arrangurak eta buruhausteak eragin dizkie neurriak kultur eta aisialdi guneetako arduradun andanari. «Ez dugu informaziorik, prentsan agertzen denaz aparte. Ez dugu informazio ofizialik jaso», aitortu du Nicolas Martin Ipar Euskal Herriko turismo bulegoko zuzendariak. «Eragile anitzek agertu digute kezka ea nola kudeatuko duten. Ez da haien lana, eta ez dakite nola eginen duten».

Uztailaren 12an iragarri zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak osasun ziurtagiriaren hedapena. Gaurtik aitzina, kultur eta aisialdi guneetan aplikatuko da; agorriletik aitzina, ostatu, jatetxe eta distantzia luzeetako garraiobideetan ezarriko dute. 12 urtetik gorako herritar orok erakutsi beharko du ziurtagiria; hau da, baldintza hauetako bat bete beharko du: koronabirusaren kontrako txertoaren bi dosiak hartuak izatea, 48 ordu baino gutxiagoko test negatibo baten ziurtagiria erakustea —PCRak edo antigeno testek balio dute—, edo azken sei hilabeteetan koronabirusean positibo eman izana frogatzea.

Astelehenean onartu zuten ziurtagiriaren aplikazioa hedatzeko lege proiektua Frantziako ministroen kontseiluan, eta gaur eta bihar eztabaidatuko dute Frantziako Asanblean eta Senatuan. Ostiralerako izan beharko litzateke behin betiko bozketa. Frantziako Estatu Kontseiluak ontzat eman zuen lege proiektua joan den astelehenean, zehaztapen batzuekin: gehiegizkoa iruditu zaio, adibidez, osasun ziurtagiria 20.000 metro koadro baino gehiagoko supermerkatu eta denda handietan erakutsi behar izatea, eta bezeroek osasun ziurtagiririk duten ala ez kontrolatzen ez dutenei 45.000 euroko isuna jartzea ere handiegia iruditu zaio.

Orain, tokietako arduradunen esku da agindua gauzatzea, eta batek baino gehiagok adierazi dute ez dutela batere argi nola jokatu. «Eskualdeko Osasun Agentziara deitu dut goizean, informazio eske. Parlamentuan lege proiektua onartua ez deno, ez dakigu nola egin behar dugun», esplikatu du Bidarteko (Lapurdi) Bid'a Parc ikusgarri parkeko arduradunak. «Nola kontrolatuko dugu? Zeren bidez? Nola eginen dugu QR kodea egiaztatzeko? Zer baliabiderekin? Orria begiratzea aski da? Eta testak? Nortasun agiria kontrolatu behar dugu? Berez ez dut horretarako eskubiderik. Zein da protokoloa?», zerrendatu du.

Gainera, zehaztu du parkeko langile guziek hartua dutela txertoa, eta ez dela berez neurriaren kontra, baina behin eta berriz errepikatu ditu egun hauetan itzulika dituen galderak: «Gure parkea aire zabalean da; guri ere badagokigu neurria?». Haren hitzetan, egunero ehunka dei, mezu elektroniko eta mota guzietako mezu jasotzen ari da bezeroengandik galderak eginez. «PCR testa egitea ez da hain erraza; anitzek txertoaren lehen dosia baizik ez dute hartu, eta ezin ditugu antigeno testak guhaurek egin. Ez digute baliabiderik ematen. Bederatzi hilabete pasatu ditugu itxiak, sasoi betean gara; nola eginen dugu? Bordela izanen da».

Batzuek, bertan behera

Sarako (Lapurdi) leizeetan argiago dute: sarreran langile bat ezarriko dute ziurtagiriak kontrolatzeko. Besterik ez. Baina gunera sartzeko ziurtagiria erakustea derrigorrezko izateak eraginak izan ditu haientzat ere: erreserba egina zuten bezero batzuek bertan behera utzi dute bisita.

Kezka hori dute Errobiko Festibalaren arduradunek ere. Iaz ezin izan zuten festibala antolatu osasun egoeragatik, eta aurten ez dute huts egin nahi izan: bihar hasiko da ekitaldia. Ohiko publikoari zuzendutako gutun batean, beren jarrera argitu dute: «Festibala ezin dugu antolatu gutxieneko osasun neurriak errespetatu gabe. Amore eman eta bertan behera uztea errazagoa izanen zen, baina festibala atxikitzea erabaki dugu, osasun ziurtagiriak sortzen dituen baldintza zailetan».

Antolatzaileen artean eztabaida izan dutela esplikatu du Julen Axiari festibaleko zuzendari artistikoak: «Uste dugu jendeen arteko harremanak eta lotura soziala direla garrantzitsuena, eta baita gure bizian artea izatea ere. Behar ditugu musika, dantza, jendeen artean elkartzea, adiskideekin egotea.... Bizitza normala. Hori zen guretzat inportanteena».

Osasun ziurtagiririk gabe pentsatu zuten asteburu honetan Urrüstoi-Arrabilen (Zuberoa) iragatekoa den Abdelkader pastorala ere. Egun gutxian antolatu behar izan dute berriz ere dena, eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren oniritzia jaso du ezarri duten antolaketa berriak. Hori horrela, erizain talde bat osatu da, laguntzaile gisa, tokian berean antigeno testak egiteko, baina ahal den heinean norberak bere kabuz egitera deitu dute. Ohartarazi dute testa egitea errefusatuko duenari ez diotela sarreraren dirua itzuliko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Steilasen agerraldia, atzo goizean, Bilbon. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Steilasek «hezkuntza sistema publiko-pribatua» amaitzeko eskatu du

Irati Urdalleta Lete

Sindikatuak 'Euskal eskola publikoaren etorkizunean lanean' izeneko jardunaldiak egingo ditu hilaren 28an, Donostian
Martin Ugalderi buruzko erakusketaren irudi bat, artxibokoa. ©Aritz Loiola, FOKU

Martin Ugalderen inguruko hitzaldi sortaren bigarrena izanen dute gaur

Berria

Iñaki Uriak Martin Ugalde eta Egunkaria hitzaldia emanen du gaur, 19:00etan hasita. BERRIAren webgunean izanen da ikusgai, streaming bidez.

Iñigo Urkullu —erdian—, Beatriz Artolazabalen eta Maria Jauregiren artean, atzoko ekitaldian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Urkulluk esan du ETA «hanka sartzea» izan zela, «hasieratik amaieraraino»

Gotzon Hermosilla Joxerra Senar

«Memoria zintzoa» aldarrikatu du ETAren biktimak gogoratzeko ekitaldian. Txibitek positibotzat jo du ezker abertzaleak «eragindako mina aitortu izana»

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.