Colette Capdevielle. Frantziako diputatua

«Frantziako Gobernua bere erantzukizunen parean ezarriko dugu»

Frantziako Konstituzioa aldatzeko lege batzordearen lanetan parte hartu du, Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko idazketan. Inoiz egon ez den aukera baliatu behar dela uste du.

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako Konstituzioa aldatzeko lege batzordean dago Baionako diputatu Colette Capdevielle (Ortheze, Biarno, 1958), eta parte hartu du Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko artikulua idazten. Gerri politikoa eskatzen dio euskalgintzari, konfiantza izan dezan gobernu sozialistan. Azaldu du Konstituzio Batzordearen eta Estatu Kontseiluaren eragozpenak saihestea duela helburu 53.3 artikuluan neurri mugatzaileak sartu izanak; besteak beste, herritarrek administrazioarekin frantsesez egin beharko dutela. Iragarri du gobernuak bere eginen duelarik diputatuen proposamena, neurri mugatzaileak kenduko dituela.

Bihar Frantziako Parlamentuak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko legea aztertu eta bozkatuko du. Bururaino joanen dela uste duzu?

Alderdi anitzetako diputatuek proposamen bat aurkeztu dute Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berresteko asmoz. Nagusiki, Jean Jacques Urvoas diputatu bretoiak idatzi du. Lege batzordeko presidentea da, eta hark gidatu ditu eztabaidak. Aho batez bozkatu genuen testua. Konstituzioa aldatzeko proposamena da, eta Frantziako parlamentuan aurkeztuko dugu asteazkenean, gobernuari aktualitateari buruzko galderak pausatu ondoren. Ahozko aurkezpena eginen da, eta ondoren, bozketa. Helburua argia da: ahal bezainbat bozka biltzea, lege proposamena atera dadin. Hiru bostenak gainditzea da helburua. Testuak argi dio Frantziak Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna berretsiko duela eta Frantziako Konstituzioarekin bateragarria dela. Ados egon gaitezke edo ez. Frantzia horrela da, testu batek, bururaino joan nahi baldin badu, erreferendum baten berrespena behar du. Izan gaitezen argiak.

Erreferenduma saihesteko bidea da presidenteak bere egitea proposamena. Diputatu eta senatarien hiru bostenek sostengatu behar dute. Bide hori hartuko duzue?

Bozka solemnea egonen da, eta zorrotz zenbatuko ditugu bozak, argitzeko zeinek bozkatu duen alde eta zeinek kontra. Diputatu eta senatari bakoitzak bere izenean emanen du bozka. Bakoitzak bere ardurak hartu beharko ditu. Beraz, 22an eztabaida egonen da, eta bozka. Gero, senatuak aztertuko du eta ondoko astean, ziurrenik urtarrilaren 29an, bozka solemnea egonen da. Lehen aldiz hemiziklo honetan, diputatu guztiek alde edo kontra bozkatu beharko dute. Lege mailako traba guztiak saihesteko, Ervoasek oharrak barneratu ditu. Konstituzio Batzordearen ebazpenak izan baitira Euroituna ez berresteko traba. Lionel Jospinek 1999an izenpetu zuen. Ez da berretsi.

Europako itunak 98 engaiamendu ditu. Frantziak 39 izenpetuko ditu.

Ados, baina zerbait da, eta oso sinbolikoa. Frantziak 39 engaiamendu izenpetu zituen. Lehen urrats bat da. Baina ez zuen berretsi, Estatu Kontseiluak eta Konstituzio Kontseiluak trabak ezarri zituztelako. Estatu Kontseiluaren ebazpena ezin kaltegarriagoa izan zen. Jukutria politikoa antolatu behar izan dugu, diputatuengandik abiaturik. Francois Hollande Frantziako presidentearen engaiamendua proposamen batean ezarri dugu. Konstituzioa aldatzeko legea osatu dugu gobernuari erakusteko gehiengoa Hizkuntza Gutxituen Ituna berrestearen alde dela.

Erreferendumaren bidetik pentsaezina da; beraz, gobernuak bere egin beharko du proposamena.

Bai, hondamendia litzateke. Horregatik ulertu behar da garrantzia. Eztabaida parlamentura eramango dugu, eta bozkarazi. Nahitara kokatu ditugu Konstituzio Kontseiluaren oharrak, horrela ezin duelako trabarik ezarri.

Hamasei lerro ditu zuen artikuluak, eta neurri mugatzaileak dira hamabost. Ez ote da arriskua aitzinamendua baino handiagoa?

Ez dira neurri ezkorrak. Frantziako presidenteak erran du berretsiko dugula. Errespetatzen dugu 1999an Kontseilu Konstituzionalak hartu zuen erabakia. Bakoitzak hartu behar ditu ardurak orain. Hiru bostenak lortzen baditugu, gobernuaak lege proposamena aurkeztu beharko du. Eta noski, gobernuak aurkeztuko duen proposamena ez da izanen guk orain onartu duguna. Hor dago jukutria eta aitzinamendua.

Beraz, arriskua saihesteko, arriskua sartzen duzue proposamenean, gero gobernuak kentzeko asmoz?

Anitzek nahiko lukete proposamenak legea urratzea, baina hori saihestu dugu. Kontrako diputatuak bozkatu aitzin joan ziren. Badakite legezkoa dela. Hiru bostenak onartzen badu, gobernuak bere eginen du. Senatuak onartzen badu, kongresuan bilduko dira bi asanbladak, eta bozkatuko dute. Kongresuan aurkeztuko dena ulertu behar da, ez da orain bozkatuko dugun testua.

Euskal Konfederazioak galdetu zizun prest ote zauden hogei urtez Lamassourek eraman duen gurutzea eramateko. Zer diozu?

Errepikatzen dut. Asteazkenean gehiengo hori lortzen badugu parlamentuan eta heldu den asteartean gauza bera senatuan, gobernuak aurkeztuko duen lege proposamenak ez du neurri mugatzailerik ukanen, edo bederen ez horrelakoak. Helburua ez da indarrean jartzea lege proposamen hau, baizik eta bozkatzea eta onartzea. Gero moldatuko da testua. Ervoasek biziki ongi landu du proposamena. Eta, lehenbiziko aldiz, atakatu ezin den testua osatu dugu, eta gobernua bere erantzukizunen parean ezarriko dugu.

Euskal Konfederazioak eta Martxoaren 31ko kolektiboak gibelera egin beharko lukete etakonfiantza izan?

Argi eta garbi. Trabeska pasatu behar gara helburuetara heltzeko. Frantzian gaude, eta zoritxarrez, oso jakobinoa da, indartsuak dira kontrakoak.

Dagoeneko lege proposamenaren aurka bozkatzera deitu ditu Euskal Konfederazioak. Zer deritzozu?

Tamalgarria da. Nik parte hartu dut lege proposamenean, eta ez dut kontra bozkatuko. Ez dut ulertzen haien jarrera. Arrautzen gainean gabiltza, eta zaila da, baina bidea argi dago.

Ipar Euskal Herriko senatari eta diputatuek, zure bidea hartuko dute?

Nik izenpetuko dut testua, eta bertze batzordeetan dauden kideei eskatuko diet proposamenaren alde bozka dezatela. Haien sostengua nahi dut; erantzukizunak hartu behar dira. 1999tik hona, kontseiluak ematen dizkiogu munduari, eta ez gara gai indarrean jartzeko bozkatu dugun testua. Gakoa bozka ondorengo testua da, baina konstituzioa aldatzeko proposamena izanen da. Erranen du Frantziako hizkuntza frantsesa dela, baina ez da horrelako neurri mugatzailerik ageriko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.