Frantziako immigrazio legearen aurkako manifestaziora deitu dute iganderako Baionan

Antolatzaileek salatu dute legeak ez diola erantzuten «erbestera behartuta doazenak modu duinean hartzeko beteharrari».

(ID_13042377) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2023-07-22, Pausu. Migratzaileekiko elkartasun ekintza
Migratzaileen eskubideen aldeko protesta bat, Pausun. PATXI BELTZAIZ
arantxa elizegi egilegor
2024ko urtarrilaren 17a
17:40
Entzun

Joan den abendu amaieran onartu zuen immigrazio legea Frantziako Asanblea Nazionalak, baina harrabotsa eragiten jarraitzen du oraindik ere. Ipar Euskal Herriko hainbat gizarte eragilek manifestaziorako deia egin dute iganderako Baionan, 11:00etan, Frantziako suprefeturaren aurrean. Legea bera oraindik indarrean ez dagoen arren, antolatzaileek beharrezkotzat jo dute hura salatzea. FSU Federazio Sindikal Bateratuaren ordezkariaren esanetan, «gorrotoaren trafikatzaileen eta eskuin muturreko indarrean itzalean» idatzi zen testua.

Eragileek salatu dute legeak ez diola erantzuten «gerren, gatazken eta klima larrialdiaren ondorioz ihes egitera behartuak izan diren gizon, emakume eta haurren beharrei», ez eta horiei «harrera duina egiteko betebeharrari» ere. Hala, legea bertan behera uzteko eskatu dute antolatzaileek, «askatasunaren eta berdintasunaren izenean».

Hilaren 25ean, datorren ostegunean aztertuko dute testua Konstituzio Kontseiluan; izan ere, zalantzak daude arau berria uztartu ote daitekeen Frantziako Konstituzioarekin. Abenduan, Frantziako presidente Emanuel Macronek berak iragarri zuen Konstituzio Kontseilura igorriko duela lege berria, azter dezaten konstituzioaren araberakoa ote den: «Nahiago izan dugu legea onartu, gustuko ez ditugun zenbait puntu izan arren». Legeak gogortu egiten ditu gizarte laguntzak lortzeko prozedurak, eta kuotak ere ezartzen ditu eraikuntzan, ostalaritzan eta, oro har, langileak behar dituzten beste zenbait arlotan aritzeko. Horrez gain, delitutzat jotzen du Frantziaren menpeko lurraldean legez kanpo bizitzea, eta debekatu egiten du adingabeak administrazio zentro itxietan atxikitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.