Frantziako Poliziak bi ahizpa atxilotu ditu Senperen (Lapurdi), kale erasoak leporatuta. Askatasunaren arabera, Odre eta Nahia Lacroix dira atxilotuak. Zehaztu duenez, Ahetze eta Senpere artean dago etxea, Ibarrun auzoan, eta gaineratu du espekulazioaren kontrako eraso bat leporatu diete bi ahizpei.
"Terrorismoaren" kontrako Polizia taldea joan da haien bila, goizeko seiak aldera, etxea miatu du, eta biak hamaikak aldera eraman ditu handik. Une horretan Polizia bortitz aritu da ahizpei elkartasuna agertzera joandako lagunen aurka; lekuko batzuen arabera, gasak baliatu dituzte poliziek.
Eguerdian Odre eta Nahia Lacroix eraman ditu Poliziak.
Askatasunak 19:00etarako elkarretaratzea deitu du, Senpereko herriko etxe aurrean.