Frantziako Poliziak Lorea Zezeaga (Arrasate, Gipuzkoa) eta Alejo Moreno (Gasteiz) atxilotu ditu gaur goizean, Baionan eta Azkainen (Lapurdi) hurrenez hurren. Moreno, baina, gero libre geratu da, Paueko (Frantzia) Auzitegitik pasatu ondoren.
Biek urteak daramatzate Lapurdin bizitzen, normaltasunez. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi du iheslari politikoak direla biak.
Zezeagak gaur egun Baionan egiten du lan, Oihana Ikastolan; bertan atxilotu dute. Aurretik Mexikon bizi izan zen, iheslari politiko gisa. Moreno, berriz, Jarrai-Haika-Segi auzian auzipetua dago, eta goizean ogia erostera joandakoan atzeman dute.
Euskal Iheslari Politikoek Kolektiboan bozeramaile lanak egindakoa da Zezeaga. 2006an, ETAk su-etena eman ondotik, euskal iheslarien izaera politikoa onartzeko eta eskubide guztiak errespetatzeko eskatu zuen talde haren izenean Baionako agerraldi batean. Konponbiderako prozesuan iheslariak presio tresna gisa ez erabiltzeko eskatu zieten Frantziako eta Espainiako estatutuei.
Zezeagak 1989an "errepresioaren atzaparretatik" ihes egin zuen Arrasatetik, 2006an Amnistia aldizkarian zioenez: "Sarekadak izan ziren Euskal Herrian. Nire ahizpa atxilotu zuten, eta nire bila ere etorri ziren. Nik Mexikora joatea erabaki nuen. Lehenengo urteak oso gogorrak izan ziren. Gure herria, gure borroka... dena utzi eta bizi berri bat egin, kultura ezezagun batean. Nahiz eta urte gogorrak izan, Mexikon ongi-etorri beroa izan genuen. 1995an, Estatu espainoleko presioagatik, errefuxiatuen aurkako kanporaketak eman ziren eta hor hasi zen gure kolektiboaren aurkako jazarpen berri bat. Duela urte batzuk itzuli nintzen Euskal Herrira. Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan parte hartzea erabaki nuen. Estatu frantsesa errepresioaz baliatzen dela iheslarien kontra egiteko ikusten ari gara, baina guk, hala ere, borrokan tinko jarraituko dugu, ilusioz eta aurrera begire, jo ta ke irabazi arte!".
Mobilizazioak gaur
Atxiloketak salatzeko 19:00etatik elkarretaratzea egingo dute Azkaingo plazan eta 18:30etik Baionako herriko etxearen aurrean.
"Euskal iheslari politikoen aurkako etenik gabeko jazarpena salatu nahi dugu. Frantziako Estatuak euskal independentismoaren aurka abian duen gurutzadaren baitan kokatzen ditugu euskal herritarren atxiloketa eta Espainiaratzeak", esan du AAMk. "Euskal iheslari politikoek Euskal Herrian libre bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi dugu".
Atxiloketa
Frantziako Poliziak Lorea Zezeaga eta Alejo Moreno atxilotu ditu, eta hau aske utzi dute
Aurrena Baionan atzeman dute, bigarrena Azkainen -Paueko Auzitegitik pasatu ostean geratu da libre-. Bi iheslari politikoek azkeneko urteetan bizimodu normala zeramaten Lapurdin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu