Tiroketa eta atxiloketak Frantzian

Frantziako tiroketa «onartezina» dela adierazi du ezker abertzaleak

Halako gehiago gerta ez dadin «neurriak» hartzeko eskatu dio ETAri, eta su-etenerako konpromisoa berrestea galdegin dioEspainiako Gobernuari «bitarteko demokratikoei» heltzeko eskatu dio

Oihana Elduaien Uranga.
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Argi hitz egin du ezker abertzaleak: «Larria», «ulertezina», eta «onartezina» da joan zen larunbatean ETAko kideen eta jendarmeen artean izandako tiroketa. «Orain arte dakigunagatik, oso larritzat jotzen dugu gertatutakoa. Izan ere, ETA erakundeak su-etenerako hartutako konpromisoak ez datoz bat tiroketarekin, eta ulertezina eta onartezina da. Horiek horrela, ezker abertzaleak errefusatu egiten du, larria delako eta Euskal Herrian zabaldu den aro berria galgatzen duelako».

Gertatutakoa lehenbailehen argitzeko eskatu du ezker abertzaleak komunikabideetara igorritako ohar batean, baina, hala ere, ez da argitu arte zain egon erakunde armatuari eskaera zuzena egiteko: «Ezker abertzaleak dei egiten dio ETA erakundeari su-etenerako hartutako konpromisoak berrets ditzan eta halakorik berriro gerta ez dadin neurriak har ditzan».

ETAri ez ezik, Espainiako Gobernuari ere egin dio eskaera. «Behingoz herri honen gehiengoaren eskaerari erantzunez bide eta bitarteko demokratikoei hel diezaien eta errepresio oro eten dezan» galdegin dio.

Eskaerak egiteaz gain, berakzer egingo duen ere adierazi du ezker abertzaleak. Hartutako bidearekin eta Gernikako Akordioarekin « konpromiso irmoa» adierazi du, eta «zabalik» dagoen prozesua «bururaino eraman eta agertoki libre eta demokratikoari ateak alderik alde zabaltzeko» bere esku dagoen guztia egingo duela nabarmendu du.

Atzera bueltarik gabeko ibilbide batean sartu da Euskal Herria, ezker abertzalearen irudiko, eta, horregatik, beharrezkotzat jo dute «Egiaztapen Batzordea lehenbailehen sortzea eta lanean hastea».

Gernikako Akordioaren kontra

Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak ezker abertzaleari baino gehiago erreparatu dio Bildu koalizioak esandakoari. EAk, Alternatibak eta hainbat independentek osatutako koalizioak tiroketa eta atxiloketak «arbuiatu» zituen igandean, eta atzo gaineratu zuen Gernikako Akordioaren «kontrako norabidean» doala.

Koalizioak bere iritzia emateaz gain, hura osatzen duten alderdiek ere gauza bera egin zuten: biek esan zuten Euskal Herrian abian den prozesuan traba dela gertatutakoa. Horretaz gain, «desegiteko» eskatu zion Alternatibak ETAri, eta EAk «desarmea» abiatzeko.

Bi alderdi horiek Gernikako Akordioaren sinatzaileak dira, eta Pello Urizar EAko koordinatzaile nagusiak atzo esan zuenez, Bildu koalizioak ere itun horretan jasotzen dena «errealitate izateko» bere esku dagoen guztia egingo du. «Koalizioak bide horretan traba den guztia salatuko du». Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak ere norabide horretan ekiteko deia egin du: «Indarkeriazko zenbait ekintzak bidean jar ditzakeen trabak eta harriak gainditzeko lan egin behar da».

Gauzak horrela, koalizioko kideek ez dute ulertzen hainbat alderdik Bilduren adierazpenak ez direla nahikoa esan izana. Matutek kritikatu egin zuen besteen erreakzioak «nahikotzat» jo izanaeta Bildurenarekin kontrakoa gertatzea. «Asmo txarrekin egindako adierazpen interesatuak dira, gure apustu politikoari izen ona kentzea dute xede, eta zalantza eta susmoa gure bizkar jarri nahi dituzte». Donostian egin zituzten hitzok Matutek eta Urizarrek, Mertxe Aizpurua Gara-ko zuzendari ohi eta Bilduko kide independentearekin batera, Korrikari babesa emateko egindako prentsaurrekoan.

Zalantzarik balego, berriz egin zuten tiroketaren gaineko balorazioa. Honela hitz egin zuen Urizarrek: «Indarkeriak, edozein motatako indarkeriak, iraganeko gauza izan behar du. Inork ez du beldurrik izan behar bere osotasun fisikoarengatik». «Erabateko normaltasuna ez den edozein gauza Gernikako Akordioan jasotakoaren kontrakoa da».

Tiroketa eta atxiloketak ez ditu testuinguru orokorretik aparte utzi EAko idazkari nagusiak, eta Gernikako Akordioko beste aldarrikapen bat ere gogora ekarri du: «Zentzu batean zein bestean eragin eta lan egin behar da horrelakorik gehiago gerta ez dadin, eta gertatzen ari diren beste zenbait gauza ere gerta ez daitezen». Hala, euskal presoen senitartekoei egin zien erreferentzia, eta «justua ez den zigor bat» bizitzen ari direla salatu zuen.

«Gure koalizioaren asmoa herri hau bake prozesu baterantz eta normalizazio politikorantz eramatea da; gizartearen gehiengoak eskatzen duen aldaketa soziala egitea. Eta hori balorazio interesatuen gainetik egingo dugu, lupen eta lupa bikoitzen gainetik», nabarmendu du Matutek. Urizarrek gaineratu du koalizioko kide guztiak ados daudela hori «bide politiko hutsetatik» egin behar dela.

Koalizioak igandean kaleratu zuen oharrean gertatutakoa «arbuiatu» eta argitzeko eskatu zuen. Euskal Herriaren normalizazio eta baketze bidean «urrats sendoak» egitea eragile guztien ardura dela ohartarazi zuen, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei eskatu zieten Gernikako Akordioko eskaerak betetzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.