Frantzian atxilotu dute ihes eginda zegoen Santi Cocaren ustezko hiltzailea

Iazko otsailetik zegoen ihes eginda. Espainiaratu eta epaitu egin beharko dute.

Santi Cocaren hilketaren epaiketa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Santi Cocaren hilketaren epaiketa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
jakes goikoetxea
2024ko otsailaren 29a
18:15
Entzun

Santi Coca gaztea hiltzeaz akusatutakoetako batek ihes egin zuen iaz. Gipuzkoako Auzitegiak hura atxilotzeko agindu bat eman zuen ikusi zuenean utzi egin ziola epaitegira joateari. Ordutik ihes eginda egon da 24 urteko gizona. Epe horretan, Santi Cocari emandako jipoian parte hartu zuten gainerako lagunak epaitu dituzte. Ihes eginda zegoen akusatua asteartean atxilotu zuten, Draguignanen, Cannestik gertu (Frantzia), Efe agentziak jakinarazi duenez.

2019ko apirilaren 26ko goizaldean jipoitu zuten Santi Coca. 17 urte zituen. Bi egun geroago hil zen, Donostia ospitalean. Donostiako dantzaleku baten kanpoko aldean liskar bat izan zuen aste honetan atxilotu dutenarekin, eta hainbat lagunen artean jipoitu zuten. 

Sei lagun auzipetu zituzten Santi Cocaren heriotzagatik. Epaiketa bat bertan behera utzi zuten, asteartean atxilotutako akusatuak ihes egin zuelako. Iazko azaroan eta abenduan egin zuten epaiketa. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion kolpeen egile gisa identifikatutako pertsonetako bati. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delitua egotzi zion. Auzipetutako beste lau pertsonak errugabetzat jo zituen epaitegiak. Zigortuak helegitea aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian, zigorra laburtzeko. 

Kasuko iturriek Efe agentziari esan diotenez, atxilotua Espainiaratu egingo dute, baina prozesua «motela» izango da. Gero espetxeratu egingo dute, Gipuzkoako Auzitegian epaitu arte. Zinpeko epaimahai batek epaituko du. Donostiako Udalaren akusazioak orain atxilotu duten gizonari leporatu dio «azken ostikada basati bat» eman izana Cocari buruan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.