Santi Coca gaztearen heriotzagatik hiru urte eta erdiko zigorra ezarri diote akusatuari

Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delitua egotzi diote, eta, gainera, sendiari kalte ordaina pagatu beharko dio. Beste lau auzipetuak errugabetu egin ditu epaitegiak

Santi Cocaren hilketaren epaiketa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Gipuzkoa Probintzia Auzitegian egin zen epaiketa. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
joxerra senar
2024ko urtarrilaren 10a
11:35
Entzun

2019ko apirilean, Donostiako dantzaleku baten kanpoaldean hasitako jipoiaren ondorioz, 17 urteko adingabe bat hil zen —Santi Coca—. Lau urte pasa geroago, azkenik Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio kolpeen egile gisa identifikatutako pertsonetako bati. Zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delitua egotzi dio.

Epaiaren arabera, gaztearen gurasoei 72.438 euroko kalte ordaina ordaintzera behartuko dute, eta anaiari, 20.696 eurokoa.

Epaiketa horretan auzipetutako beste lau pertsonak errugabetzat jo ditu epaitegiak. Haietako bati akusazioa kendu egin zioten epaiketan, eta beste hirurak «ez-errudun» deklaratu ditu epaimahaiak.

2019ko apirilaren 26ko goizaldean gertatu zen erasoa, Donostia erdialdeko dantzaleku baten atarian, Nautico eta udaletxearen artean. Zigarreta bat ote zuen galdetuta hasi zen borroka, eta, haren ondorioz, Santi Coca gaztea larri zauritu zen. Egun hartako lekukotzen arabera, gaztea lurrera erori zen, eta ostikoka jardun zioten. Bi egun egin zituen larri, eta apirilaren 28an zendu zen.

Zazpi lagun atxilotu zituzten, 18 eta 25 urte artekoak. Iazko martxoan zen hastekoa epaiketa. Sei auzipetu zeuden, baina atzeratu egin zen auzi saioa, akusatuetako batek ihes egin zuelako. Azaroaren 17an ekin zitzaion epaiketari, eta abenduaren 5ean amaitu zen. Hilabete bat geroago etorri da epaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.