Frogen balioak erabakiko du

Amaia Azkueren hilketari buruzko auzia epai zain dago. Epaiketaren ostean ere jarrera bera dute aldeek: akusazioek diote frogatuta dagoela adingabeak hil zuela; defentsak ezetz uste du.

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Luze jo du epaiketak, uste baino luzeago, baina bi aldeek hasierako usteari eutsi diote: Amaia Azkue gazte azpeitiarrak hil zuela frogatutzat jo dute akusazioak eta fiskalak; hori baieztatzeko frogarik ez dagoela erantzun du defentsak. Herenegun gauerdian amaitu zen epaiketa, eta epaileak esku artean ditu eskariak: akusazioena —hamar urteko espetxe zigorra, eska dezaketenik handiena—, eta defentsarena —gaztea libre uztea—. Hilabete aurretik erabakiko dute.

Ez dago lekuko zuzenik Azkueren hilketaren kasuan. 60 pertsona baino gehiago izan dira epaiketan, eta inork ezin izan du zuzenean lotu akusatua hilketarekin. Ordea, Ertzaintzak batutako frogek diote zerikusia izan zuela: haren DNA agertu zen Azkueren autoan eta ibilgailuko objektuekin batera aurkitutako eskularru batzuetan; gaztearen oinetako batzuetako lokarria erabili zuten, gainera, emakumea lotzeko. Froga horiekin gazteari hilketa egotzi ote dakiokeen edo ez, horretan daukate desadostasuna bi aldeek.

Azkueren familiaren abokatuak, Miguel Castellsek, baietz errepikatu du epaiketa osoan. Gazteak abuztuan egindako aitortza dauka, gainera: bere kabuz fiskalarenera joanda aitortu zuen Azkue hil zuela. Ordurako atzetik zeukan Ertzaintza, agertutako lokarriari tiraka. Gazteak, ordea, bertsioa aldatu zuen orain hilabete, esanez ez zuela berak hil Azkue. Ez dio sinesten Castellsek: «Bertsio hori gertagaitza da».

Beste pertsona batek hil zuen Azkue, akusatuaren arabera. Bertsioa Castellsek jakinarazi du epaiketa ostean. Haren esanetan, gazteak adierazi du autostopean hartu zutela Azkueren ibilgailuan, eta ordurako hiltzailea zihoala gidari. Zarauztik atera, eta, une batean, hiltzaileak gazteari jakinarazi zion manta baten azpian Azkue zeukala; akusatuaren arabera, bizirik zegoen. Gero hil egin zuen pertsona hark, eta gaztea Azpeitian utzi zuen. Akusatuak esan du eskuekin ibilgailua ukitzeko agindu ziola hiltzaileak, horregatik daudela arrastoak. Castellsek nabarmendu du gaztearen DNA soilik zegoela autoan.

Zergati baten bila

Gaztearen bertsioa aintzat hartu eta ikerketa gehiago egin behar direla adierazi du defentsako abokatu Joanes Labaienek. Uste baitu ez direla behar adina egin: «Ertzaintzak oso lan ona egin du lokarriarekin, baina, behin aitortza lortutakoan, lasaitu egin dira». Ertzaintzaren frogak auzitan jartzen saiatu da epaiketan, eta horri eutsi dio epaiketa ostean ere: froga batzuk ondo zaindu gabe egon direla esan du. Eta, horietaz aparte, adierazi du hilketaren zergatia falta dela. «Galdera ugari daude. Zergatik horrelako indarkeriarekin, diru pixka bat lapurtzeko? Denek diote ez dela oldarkorra».

Fiskala «azkarregi» aritu dela uste du Labaienek. Frogak badaudela uste du fiskalak, eta kartzela eskatu du azkuetarrek bezala. Beste eskari bat ere egin dute haiek: Zarautz, Orio eta Getariara joatea debekatzeko gazteari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.