Borondaterik onenez (apirilak 19)
Gaurko egunkarian hamar egunotan sartu dizkiguten zirien errepasoa egin behar nuela esan zidan Mikel furgoneteroak Korrika bukatu osteko bazkarian. Korrika bertan behera geratu dela sinetsarazi nahi izan dizkiguten aldiak ekarri zituen gogora, edo Habanako zazpi lagun gauez lasterka ibili zirela kontatu zigutenekoa —askok sinetsi egin genuen—, furgonetan ibili zuten Habana 7 botilarekin hitz jokoa eginez.
Ziria sartzen ahalegindu dira, bai, baina eskaini diguten laguntza ez da edonolakoa izan. Korrikaren berri eman dugun kazetariok ez bezala, furgonetan ibili direnek eguneko 24 orduak igaro dituzte Korrikan, hamalau orduko txandak eginez. Eta, noski, sarri askotan gure begiak izan dira, batez ere gauez. Goizean esnatzen ginenean, lotan geundela gertatutakoa kontatzen ziguten.
Baina, horretaz gain, Korrika barrutik zer den ere erakutsi digute. Alegia, talde lanak zer egin dezakeen ikasi dugu. Eta agerian geratu da ez dela gutxi. Orain artean gutariko askorentzat Korrika gure herritik bi urtean behin pasatzen zen lasterketa baino ez zen: furgoneta aurretik, lekukoa eta lasterkariak atzetik, eta musika ozena, baten batek euskararen aldeko aldarrikapenak oihukatzen dituen bitartean. Orain badakigu hori antolatzeak sekulako lana eskatzen duela, nik neuk neurtzen asmatu ez dudan tamainakoa.
Borondatez egiten duten lana da, borondaterik onenez. Askok beharlekuan oporrak eskatu dituzte Korrikara joan ahal izateko. Eta hamar egun hauek ez dira euretako bakar batentzat ere atsedenerako izan. Indarrak amaitu arte ibili dira. Hamaika telebistakoek egin dizkieten elkarrizketa sortetan euskara maite dutelako egiten dutela zioten. Hori da, bada, euskalakari izatea.
Korrikarentzat ez ezik, guretzat ere borondate ona izan dute. Askotan enbarazu egingo genien, euren beharra oztopatuko genuen. Baina, hala ere, taldeko kidetzat hartu gaituzte beti. "Seguruenik ez zenuen ezer ikasiko, baina ederto pasatuko zenuen", esan zidan Matuk igandean Donostian. Ondo pasatu dut bai, baina ikasi ere bai.
Kanpokoen miresmena (apirilak 17)
Atzokoan Zaldieroak asteon BERRIAn argitaratutako bineta aipatu zuen Asier Arroitak, furgonetako mikrofonotik, Solluben gora gindoazela. "Egun hauetan hunkigarria da pentsatzea edozein ordutan, nonbait, zoro zoragarri batzuk euskararen alde korrika dabiltzala", zioen Zaldieroak, Twitterren irakurritakoa hitzez hitz hartuta. "Zuek zarete zoro zoragarri horiek", egin zien oihu Asierrek. Eta euskaldun ez den norbaitek Korrika ikustean zer pentsa dezakeen izan nuen gogoan Bermeora jaitsi bitartean.
Portuan aurkitu nuen erantzuna. Miresmena sentitzen dute. Bai, behintzat, Bretainian, Galesen eta Irlandan euren hizkuntzen alde borrokan dabiltzan bretoikariek, galeskariek eta gaelikokariek. Bermeon egin zuten lasterka, euskararen alde, eta gaur Donostian izango dira. Korrika eredutzat dute, eta euren herrialdekoa nola hobetu, edo galesen kasuan nola abiarazi, ikastera etorri dira gurera. "Korrika da lasterketa hauen guztien ama", esan ziguten.
Lekukoa eta nerbioak (apirilak 16)
Joan den asteko ostegunean 17. Korrika Trebiñun abiatu zenetik, hamaika lekuko aldaketa ikusi ditut. Furgonetatik gehienak, errepidetik hainbat, eta lasterkarien atzean joaten garen kazetarion autoetatik bakarren batzuk. Asko izan dira zer sentitu duten galdetuta une zoragarria dela erantzun diguten lekuko eramaileak. Amets ere maiz egin dut lekukoarekin egunotan, begiak itxita furgonetako ikuspegi berbera sortzen baitzidan irudimenak. Bihar irakurriko den mezua gordeta daraman makila txiki hori izan da gure ardatza ia-ia.
Gaur niri egokitu zait eskuetan heltzea. Zuzenago esateko, Korrikaren berri ematen ari garen kazetari eta kamerarioi. Eta urduri jarri naiz. Urduri jarri gara. Gehienok bai behintzat, denek onartu ez arren. Lekukoak urduri jarri nau.
Ortuellan erosi dugu kilometroa: 1.888.a. Furgonetatik jaitsi, autoetan sartu eta aurrea hartu diogu euskalakarien tropelari, gure kilometroan haien zain egoteko. Antolatzaileen peto horiak kendu, eta lekuko eramaileenak jarri ditugu. Halako batean, musika entzun dugu hurbiltzen. Bazetorren. Bihurgunetik agertu da furgoneta. Lekukoa hartu dugu. Binaka. Banaka. Hirunaka. Oharkabean bete dugu bidea. Bukatutakoan, elkarri begiratu diogu. "Zoragarria izan da".
Bizirik gaude (apirilak 15)
Norberak sortutako zerbait gainontzekoek ezagutzea eta gainera gustatzea ederra izan behar da. Sortutako hori norbere herrian Euskal Herri osoarentzat erakustea, zer esanik ez. Eta inguruan zu bezalako sortzaile izaten irakasten diezun umeak izanda, unea zirraragarri bihurtzen da. Halako zerbait gertatu zitzaion atzo Ines Osinagari.
Irakasle den Arrasateko trikiti eskolaren izenean hartu zuen lekukoa, alde zaharreko kaleetan. Lotsatuta edo, behera begira egin zuen bidea. Furgonetan gindoazenok ia ez genizkion begiak ikusi. Zer sentitu zuen galdetuta, hona bere erantzuna: "Une honetan guztiok sentitzen duguna: bizirik gaudela". Doinuarekin zein lekukoarekin, euskalakarioi ahotsa jarri digu Osinagak.
Gorrak ere euskalakari (apirilak 14)
Etxean, ikastolan edo euskaltegian senitarteko edo irakasleei entzunez ikasi dugu euskaldunok gure hizkuntza. Baina badira inoiz euskararen hotsak entzun gabe hitz egiteko gai diren euskalakariak: gorrak. Nahita edo nahi gabe, hala ohartarazi zigun atzo Ainhoa Moiuak.
Zea Maysen Negua joan da ta kantuaren bideoklipagatik ezagun egin den hezitzailea Seguran bizi da, eta Korrika herritik igaro zenean lasterka egin zuen. Furgonetara igoarazi zuten, eta Estik mikrofonotik oihukatutakoa berak gor-mutuen hizkuntzan esaten zuen. Urduri zegoela zioen, eta dardarka. Azkenean, Negua joan da ta ere kantatu zigun. Oraingoz, malko gehien ikusi dudan unea izan da.
Bozgorailu beharra (apirilak 13)
Laida du izena furgonetan ibiltzen diren boluntarioetako batek. Nafarroa Beherekoa da, Oztibarre eskualdekoa. Bere sorterritik igaro zen tartean, ia une oro mikrofonoa eskuan zuela ibili zen atzo. Ozen egiten zuen oihu, eta musikaren erritmora dantza egiten zuen. Lekuko eramaile gehientsuenak, denak ez esatearren, ezagutzen zituen. Izenez deitzen zituen.
Dagoeneko ilea urdinduta duen gizon batek hartu zuen lekukoa 1.119. kilometroan. "Jaitsi eta eraman biok, Karpantak argazkia ateratzeko", esan zioten. Eta hala egin zuen Laidak. "Nor da ba?", galdetu nuen nik. "Erramun, bere aita". Poz aurpegia zuten biek, irribarrea ezpainetan zutela. Une hori kontatzea erabaki nuen.
Gora igotakoan Laidari eskatu nion ea sentitutakoa hitzez azalduko zidan. "Ez, sentitzen dut. Enetzat Korrika hori baino aunitzez gehiago da", erantzun zidan. Oztibarren euskaldun direla aldarrikatzeko bozgorailua behar dute. Hori da Korrika eurentzat, eta serio hartzen dute.
Lasterkariari jarriak (apirilak 12)
Andoni Egaña dela esan zigun aurrena; geroxeago Maialen Lujanbio. Azkenean izena aitortu zigun, abizenik eman gabe: "Fernando". Ez zuen nortasuna agerian utzi nahi. Haren asmo bakarra euskalakariei animoa ematea zen. Nola? Bertsotan, noski. Eta ez edonola, gainera; bizikleta gainean pedalei eraginez baizik.
Aurrenekoa eskolako umeei eskaini zien, Oronoz inguruan genbiltzala. Furgonetara gerturatu eta bertsoa bota nahi zuela esan zidan. Mikrofonoa eman zion Iratik, bozgorailutik euskalakariei hizketan zebilen neskak. Txikien "sua eta garra" nabarmendu zituen.
Agurtu genuen, bada, Fernando, gizonaren kemena azpimarratuz, maldan gora egindako ahalegina goraipatuz. Eta halako batean han agertu zitzaigun berriz ere. "Beste bat bota nahi dut". "Beste bat?", galdetu nion. "Noski, herri bakoitzean bat", erantzun zidan. Paretik igaro ziren guardia zibilei, Etxerat-eko kideek hartu zutenean presoei... Unean-unean lasterka zebiltzan euskalakariei eskaini zizkien.
Baliteke Fernandorenak bertso biribilak ez izatea. Posible da txapelketarik ez irabaztea. Baina ez da edonolakoa haien meritua. Eta are garrantzitsuago dena: euskalakariek gogotik eskertu zioten, egiteari utzi gabe txalo eginez. Maldan gora zihoazela, furgonetaren erritmoari jarraitu ezinik, eta euriak bustitzen zituela, txirrindulari haren hitzek ematen zieten aurrera jarraitzeko behar zuten indarra, euskalakari izaten segitzeko hauspoa.
Anbulantzia (apirilak 10)
Kasualitatez sortu zitzaion Korrikara etortzeko aukera. DYAko boluntarioa zen, eta parean egokitu zitzaion erronka onartzea erabaki zuen. 8. edizioko kilometro guztiak lasterkarien atzetik egin zituen, anbulantzian. Furgonetan joaten direnek bezala, orduan hamalau orduko txandak egiten zituztela kontatu zidan Josune Lazkano ibartarrak, belauneko zauria sendatzen zidan bitartean. Orain herrialdeetako DYA taldeekin koordinatzen dira, eta aurten asteburu honetan baino ez da egongo.
Normalean ez dela ezbehar larririk gertatzen azaldu zidan. Baina lehen urte hartatik ia ez du behin ere huts egin, eta denetarik ezagutu du. Hezurrak askok puskatu dizutela dio, eta hortzak ere bai bakarren batek. Furgonetatik igo edo jaisterakoan erori diren edo ahotsik gabe geratu diren antolatzaile eta kazetariak, estropezu egin duten lasterkariak, hainbeste jenderen artean antsietatea sortu zaionen bat edo beste. Halakoak izaten gara Lazkanok artatu behar izaten gaituenak.
Harentzat Korrika anbulantzian joatea baino gehiago dela aitortu zidan. Hainbatetan lekukoa eramateko aukera izan du, eta ez da gai sentitu duen poztasuna deskribatzeko. Korrika Lazkanorentzat "zoragarria" da.
Aurrenekoen lekukoarekin (apirilak 9)
Korrikak badaki euskaldun eta euskaltzaleen emozioak astintzen. Baina Sakanatik igarotzerakoan, oroitzapen asko gaurkotzen ditu, Aurreneko Korrika eta ondorengo guztiak lotuz, bizi dugunera ekarriz.
Etxarri Aranatzen sortzen da une berezi hori. Eta atzo ere ez zen gutxiagorako izan. Lore sorta eta guzti hartu zuten lekukoa Maider Beltzak eta Aberri Barandikak. Metro batzuk aurrerago, herriko plazan, Pilar Satrustegi zuten zain. Jose Mari Satrustegi (1910-2003) euskaltzain zenaren arreba da, eta berak jasotzen ditu anaiaren izenean.
Urteroko ohitura da Sakanako bizilagunentzat Korrikako lehen edizioko aurreneko kilometroan lekukoa eraman zuenari omenaldia egitea. Gainontzeko korrikalariek txaloz indartu zuten gomuta. Abiadura zertxobait moteldu bazen ere, Korrika ez zen orduan ere gelditu. Azterlan asko argitaratu zituen arren, arrebak zioen Satrustegirentzat euskara ikerketarako gai hutsa baino askoz gehiago zela; euskara bizi eta maitatzen zuela. Azken batean euskalakaria zela. Eta Sakanako gainontzeko euskaldunen pare, bera ere ilusionatu egiten zen Korrika iristen zen aldiro.
Satrustegik pozik ikusiko zituen Etxarri Aranatzetik igarotzerakoan Korrikari segika zihoazen umeak. 1980ko edizio hartan autoak harrapatuta hil zen umearengan ere euskararen etorkizuna ikusiko zuen. Ume hark euskara berak beste maiteko zuela sinetsiko zuen. Gurasoek irakatsiko zioten, jaiotzetik Korrikan parte hartzera eramanez. Horregatik atzo, ordutik urtero bezala, biak omendu zituzten. Horregatik atzo, ordutik beste askok bezala, euskarak Sakanan etorkizuna baduela sinetsi genuen.
Amona euskalakaria (apirilak 8)
Hunkigarria izan da». Atzo gehien entzun nituen hitzak dira. Trebiñuko plaza betetzen zuten askoren ahotan zebiltzan. Baita Korrikaren berri ematera etorri garen kazetarion artean ere. Baina AEKren arduradunek ere uste berbera agertu ziguten, eta haiek beste asko bizi dituzte aurretik.
Abiapuntuak berak badu aparteko sinbolismoa. Euskal Herri sentitzen den eta izan nahi duen udalerria da Trebiñu. Eta euskararen herri badela erakutsi zuen atzo. Herri osoan ikus zitezkeen euskalduntasunari egindako keinuak. "Euskalduna naiz eta harro nago" eta "Euskara ofiziala Trebiñun" idatzita zuten pankartak zeuden han eta hemen. Baita inguruetako galsoroetan, traktoreetatik eskegita. Alderdi Popularreko ordezkariek Korrikarekin bat egin izana deigarria da.
Ni, ordea, eguerdian bazkaldu genuen Argantzungo jatetxeko langileek hunkitu ninduten gehiago. Batez ere bilobak Argantzungo ikastolako ikasle zirela kontatu zigun amonak. "Oso ondo irakasten diete euskara", zioen irribarretsu. Bera ez da euskalduna, baina harro entzuten ditu etxeko txikiak euskaraz hitz egiten. Hizkuntza ezagutu ez arren, euskaraz harro sentitzen den benetako euskalakaria da ume horien amona.