Fusilatuen senideek UPNren «gizatasun falta» kritikatu dute

Hobien mapa eta gorpuak exhumatzeko protokoloa egiteko eskatu dio elkarteak Nafarroako Gobernuari

2010eko apirilean Oibarren eginiko exhumazioan lau pertsonaren gorpuzkinak atera zituzten. J. MANTEROLA / ARP.
Iruñea
2011ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
«Nola da posible 75 urte pasatu ondoren isilik eta ahaztuak gelditu behar direnak betikoak izatea? Zergatik ezin dituzte berreskuratu haien senideen gorpuak?». Ioseba Ezeolaza Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko ordezkariak salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela fusilatuen gorpuzkinak berreskuratzeko «konpromiso humanitarioa». Hortaz, hobien mapa bat egin eta gorpuak exhumatzeko protokoloa zehazteko eskatu dio Gobernuari. Gainera, Sartagudako Memoriaren parkea mantentzeko diru laguntzak «ezerezean ez gelditzeko» eskatu du elkarteak.

Nafarroan 1936ko gerrak eragindako mila bat desagertu daudela gogorarazi du Ioseba Ezeolazak. «Pertsona horien senideek ezin dute dolua amaitu, haien gorpuzkinak ez dituztelako berreskuratu». Exhumazioak egiteko, gainera, Nafarroako Gobernutik eta Justiziatik laguntza gutxi jaso dutela salatu du Olga Alcega Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidenteak.

«Elkarteak hobi baten berri duenean gorpuak aurkitzeko prozesua jartzen du martxan; baina epailearen baimenik gabe, edo zehazki zer egin jakin gabe». Gaur egun, senideak laguntza bila joaten direnean hobia egon daitekeen herrira, «lekukoen bila» joaten dira.

Informazio nahikoa jasotzen dutenean, eta Aranzadikoekin, arkeologoekin eta historialariekin hitz egin ondoren, lurpetik ateratzen dituzte. «Guztia guk egiten dugu, Espainiako Presidentzia Ministerioaren diru laguntzarekin». Beraz, desagertutakoen familien bidez bilatzen dituzte hobiak. «Hobien argazki zehatz bat behar dugu, non lan egin behar dugun jakiteko», nabarmendu du Ezeolazak.

2010eko ekainaren 25ean Nafarroako Parlamentuak hobien mapa egiteko eta exhumazioen protokoloa egiteko mozioa onartu zuen. «Sei hilabete baino gehiago pasatu dira, eta oraindik ez dugu erantzunik jaso», nabarmendu du Ezeolazak. Aragoiko, Andaluziako, Extremadurako eta Kataluniako gobernuek dagoeneko protokoloak martxan jarri dituztela gogoratu du Olga Alcegak. Nafarroa memoria historikoaren inguruan «atzeratuta» gelditzen ari dela gaineratu du.

«Zer gertatzen da hobi batean zazpi gorpu aurkitzen baditugu, eta bost bakarrik erreklamatu badituzte? Lurperatuko ditugu, ikerketak egingo ditugu...protokoloa ez dugunez, ez dakigu zer egin behar dugun. Justiziak, gainera, ez digu ezer esaten», dio Alcegak. Hobi batean exhumazioak egiteko eskatu behar dituzten baimen bakarrak udalei edo lurraren jabeari eginikoak dira. «Linbo juridiko batean gaude».

Memoria ahaztuta

«Demokraziazko 35 urteren ondoren, nola da posible arroiletan jendea botata egotea?». Nafarroako Gobernuak arazoa konpontzeko konpromiso «humanitarioa» ez duela erakutsi esan du Olga Alcega elkarteko presidenteak.

Bestalde, Sartagudako Memoriaren parkea mantentzeko lanak ordaintzeko diru laguntzak eskatu ditu Jose Ramon Martinez Sartagudako Alargun Herria elkarteko ordezkariak. «Parlamentuan talde politiko guztiek baietza eman ziguten, eta mozioa aurkeztu behar genuen». Pedro Eza UPNko legebiltzarkideak, aldiz, mozioa aurkeztea ez zela beharrezkoa esan zien. Justizia, Presidentzia eta Barne departamentuan dirua eskatzeko gomendatu zien Ezak, eta azkenean Javier Caballerokontseilariak diru laguntzak emateari uko egin dio. «UPNk elkarte guzti hauetan dagoen jendeaz barre egiten du, behin eta berriz», adierazi du Martinezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.