Futbola eta arrazakeria

Futbolaren narratiba

Futbolean arrazakeria amaitzeko borrokak hamaika istorio sortu ditu; batzuk latzak dira, baina beste batzuk elkartasunez beterik daude.

gotzon hermosilla
2014ko maiatzaren 11
17:46
Entzun

Futbolak asko du epikatik. Bere ezaugarriengatik, sortzen dituen pasio eta grinengatik, mota guztietako istorioak osatzeko gaitasun apartu du. Arrazismo eta futbolaren inguruan ere, hamaika istorio konta daitezke, latzak zein hunkigarriak, gizakiaren ankerkeriaren ispilu edo elkartasunaren adibide izan daitezkeenak.

Ingalaterran sortu zen futbola. Eta, futbolaren sorterrian, jokalari beltzek pairatutako sufrikarioa ez da makala izan. Entrenatzaile askok ez zuten nahi jokalari beltzik euren taldeetan: alferrak omen ziren, alkohola edatea eta gauez irtetea gustuko zutelako ospea zuten, eta gaizki moldatzen omen ziren udan jokatu behar zutenean.

Eta zaleen inguruan, zer esanik ez: arerioa beheratzeko tema horretan, jokalari beltzak irain eta keinu arrazisten jomuga erraza ziren. Ordukoa da jokalari beltzei bananak jaurtitzeko ohitura.

Bananak nonahi

Laurie Cunningham izan zen Ingalaterrako selekzioaren elastikoa jantzi zuen lehen jokalari beltza. First Among Equals (Lehena berdinen artean) izeneko film dokumentalean, Cunninghamen taldekide ohiek kontatzen dute nola zaleek platanoak botatzen zizkioten partidetan; ez bat edo bi, dozenaka baizik. Cunninghamek bananak biltzen zituen, eta alboko epaileari ematen zizkion, baina horrek esaten zion ezin zuela ezer egin. Ordea, jokalariak zaleei buru egin edo keinurik egiten bazien, zigortu egiten zuten.

Geroztik, gauzak aldatu egin dira, eta orain jokalari beltzak ez daude prest umiliazio eta laidoak isilik jasateko. Dani Alvesek izandako erreakzioa ez da oraingoa: hark baino lehenago, beste jokalari batzuek hartu dituzte zaleek jaurtitako bananak, eta jan egin dituzte. Pa Dembo Touray atezain gambiarrak horixe egin zuen 2004an, Djugarden eta AIK Solda Suediako taldeak jokatzen ari ziren partidan. "Nitaz barre egin nahi zuten; beraz, saiatu nintzen adierazten egiten zutenak ez zuela nigan inolako eraginik", azaldu zuen.

Beste jokalari batzuek bestelako bideak erabili dituzte laido arrazistez nardatuta zeudela adierazteko. 2006an, Alemaniako Sachsen Leipzig taldean jokatzen zuen Adebowale Ogungbure futbolari nigeriarrak ikusi behar izan zuen zaleek, iraintzeaz gain, nazien agurra egiten ziotela aldamenetik igarotzen zen bakoitzean. Ogungburek haietaz trufatzea erabaki zuen: bi atzamar sudur azpira eraman zituen, Hitlerren biboteaz futitu nahian, eta hark ere besoa altxatu zuen zaleak imitatuz, dantzan eta keinuka aritzen zen bitartean. Bitxiena da Alemaniako futbol agintaritzak espedientea zabaldu ziola besoa altxatzeagatik.

Futbolak arrazismoaren inguruan sortu dituen istorio guztiak ez dira intolerantziaz eta gorrotoz mintzatzen. Badaude elkartasunez beteriko istorioak ere: Alhassan Bangurarena, adibidez. 15 urte besterik ez zuela, Ingalaterrara iritsi zen, bakar-bakarrik, bere sorterrian, Sierra Leonan, nagusi zen indarkeria girotik ihesi. Ingalaterran, gizonezko batzuk hura bortxatzen saiatu ziren, eta, kalean nora ezean zihoala, norbaitek immigrazio bulego batera lagundu zuen. Adingabeentzako aterpe batean sartu zuten, baina, azkenean, errefuxiatu politikoaren agiria eskuratu zuen.

Behin, Londresko parke batean jolasten ari zela, Watford taldeko begiraleek ikusi zuten, eta taldearekin bat egitea proposatu zioten. Hurrengo urteetan, arrakastaz beteriko ibilbidea egin zuen Bangurak Wartforden. Baina, 18 urte betetakoan, arazoak hasi ziren berriro: adinez nagusia zenez, immigrazio agintariek haren kasua berraztertu zuten, eta errefuxiatu agiria kendu zioten.

2007an iritsi zitzaion Ingalaterra utzi eta Sierra Leonara itzultzeko agindua. Bangurak argi adierazi zuen: "Hau ez da nire kirol ibilbidearen amaiera; hau nire bizitzaren amaiera da, hil egingo bainaute Sierra Leonara bueltatzen banaiz". Haren taldearen eta Plymouthen arteko partida batean, zaleek erabakiaren kontrako protesta egin zuten: atsedenaldian, kartel batzuk erakutsi zituzten, non "He is family" irakurtzen zen (Senidea da). Protesta horretan, Plymoutheko zaleek bat egin zuten Watfordekoekin, 18.000 lagun orotara. Bangurak eskerrak eman zizkien guztiei, mikrofonoa hartuta eta negarra begietan.

Azkenean, Ingalaterrako immigrazio agintariek atzera egin zuten. Egun, Bangurak Forest Green taldean jokatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.