'Cabacas auzia'

Gabirondok kargua uzteko eskatu du Ertzaintzaren Esan sindikatuak

Ertzaintzaren zuzendariak ezbaian jarri du Iñigo Cabacas hil zuen oldarraldia, baina zehaztu du erabaki hori bertan zeuden ertzainek hartu zutela. 

Apirilaren 9an beteko dira hiru urte Iñigo Cabacas hil zela. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko otsailaren 17a
08:42
Entzun

Iñigo Cabacasen heriotza "alderik ahulenari" egotzi eta gomazko pilota bota zuen ertzaina "kriminalizatzen saiatzeagatik", Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariaren kargu uztea eskatu du Esan ertzainen sindikatuak. Sindikatuaren arabera, ertzain horrek "agindu zuzen eta irmoak" bete zituen. Horregatik, ez dute uste auzia argituko denik soilik ertzainaren izen-abizenak jakitean, "baizik-eta liskarren hastapenetatik gertatu zen guztia argitzean, eta, Cabacas pilotakaren ondorioz hil zela ehuneko ehunean baieztatzean".  

Esan sindikatuarentzat Gabirondok "ezgauza dela erakutsi du, eta halako bat ezin da 7.800 ertzainen agintari izan".

Gervasio Gabirondok joan den astean Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan esan zuen Cabacas hil zeneko oldarraldia tokian bertan zeuden ertzainen ardura izan zela. 

Apirilaren 9an beteko dira hiru urte Athleticeko zale Iñigo Cabacas Ertzaintzak botatako gomazko pilotakada baten ondorioz hil zela. 

Oldarraldiaren erabakia kritikagai

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak berretsi egin ditu Gabirondoren hitzak, eta uste du ikusita Cabacas hil zen oldarraldiak zer ondorio izan zuen "zerbaitek huts" egin zuela. Auzia epaitegietan dagoela gogorarazi du, eta espero duela lehenbailehen argitzea. 

Joan den astean deklaratu zuten auzian inputatuta dauden ertzainek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.