Gaindegia jomugan. Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak jarritako salaketa baten berri eman du Gaindegiak berak: Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru laguntzei helegitea jarri zien. 2013koak eta 2014koak dira laguntza horiek, diputazioan Bildu zegoen garaikoak. Galdu egin du kasua gobernu ordezkaritzak: diru laguntzak legezkoak izan zirela ebatzi du auzitegiak.
Auziaren beraren ebazpenak baino pisu handiagoa du, hala ere, Espainiako Estatuaren abokatuak helegitea oinarritzeko erabilitako informazioak. Espainiako Poliziaren Informazio Brigadak eginiko ikerketa bat baliatu du. Gaindegiarekin bat egindako 25 lagun ikertu zituen Poliziak, salaketak bistan jarri duenez. Haien datu pertsonalak jaso zituzten, eta “iritzi mailako datuak”, Gaindegiak berak azaleratu duenez: afiliazio sindikala, militantzia politikoa, alderdi politikoekin izandako harremana, hautagaitzetan izandako parte hartzea, manifestuak sinatu izana, bileretan parte hartzea... Manifestazio batzuetan parte hartzeari buruzko datuak ere badira salaketaren oinarrian.
Gaindegiak helegitea jarri zion estatuaren abokatuaren salaketari, Espainiako Poliziaren ikerketa hori ez zezan baliozkotzat hartu. Epaileak arrazoi eman dio Gaindegiari, eta kritika gogorra egin dio Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari, gisa horretako datuak erabili dituelako. Hau dio epaileak: “Aurkeztutako bi polizia txostenak irakurrita, zalantzarik gabe, haietan dagoen informazioa pertsona fisiko zehatz batzuen ideologia politikoari buruzkoa da: talde politikoetako edo ideologia politiko bati lotutako elkarteetako kide direla, baita sindikatuen jardunari buruzkoak, eta laneko jardunari buruzkoak ere”.
Horrelako ikerketa bat ez zen beharrezkoa diru laguntzei buruzko auzi batean, epailearen esanetan: “Prozedura honen helburuak ez dauka batere zerikusirik segurtasun publikoaren arriskuarekin, ezta arau-hauste penal baten prebentzioarekin edo ikerketarekin ere”. Intimitaterako eskubidea urratzea leporatu dio gobernuari. Diru laguntzei buruzko auzitik kanpo utzi zituzten polizia txosten horiek.
Gaindegiak salatu du Espainiako Poliziaren ikerketa horrek zer helburu zuen: “Pertsonak kriminalizatuz proiektua zapuzteko ahalegin argia izan zen”. Imanol Esnaola Gaindegiako koordinatzaileak BERRIAri azaldu dionez “herrigintzari” egindako jazarpena azaleratu du beste behin kasu horrek. “Gaindegiaren kontrako jazarpenak agerian jartzen duen bezala, mehatxuz betetako bidea da aurrean jartzen zaiguna horretan ahalegintzen garenoi”.
Zeregin horretan jarraitzeko, “tokian tokiko eragile instituzional eta sozialen aitortza eta babes esplizitua” eskatu du Gaindegiak.