Baionako erietxe publikoko mediku bat, zenbait eriren heriotza susmagarriekin lotura duelakoan, gaur goizean aurkeztekoa diote instrukzio epaileari, joan den asteazkenetik atxiloturik atxiki eta. Baliteke epaileak giza hilketa boluntario baten akusaziopean jartzea medikua; kasu honetan, zehazkiago, pertsona ahulak pozoitzeagatik. Erietxean apiriletik gertatu lau adineko pertsonaren heriotzarekin lotura duen susmoa dago. Hasiera batean atariko informazioa zabaldu zuen Baionako prokuradoreak, aurrez pentsaturiko giza hilketa boluntario baten kari. Inkesta horri lotua da medikuaren atxiloketa. Azken hila 92 urteko emazte bat litzateke. Agorrilaren 3an iritsi zen erietxera, eta biharamunean hil. Susmoa dago medikuak eutanasia aktiboa egin izana.
Eutanasia egiteko, ordea, eriaren baimena behar da, nahiz eta, berez, hori legez kanpokoa izan. Baina eria ez bada gai baimen baten emateko ere, orduan, heriotza giza hilketa bihurtzen da. Informazio horiek guztiak prentsan agertu dira, epaitegiko iturriak oinarri. Baina Michel Glanes erietxeko zuzendaria biziki zuhur aritu zen atzo arratsaldean eman prentsaurrekoan. Prozedurak segitzen duena, «errugabetasun presuntzioa errespetatzea» ezinbestekoa dela azpimarratu zuen. Halere, baieztatu zuen larrialdietako zerbitzuetako erizain eta erizain laguntzaile «zenbaitek» zituztela seinalatu «hiltzear zeuden zenbait eriren heriotzen baldintzak» erietxeko kargudunei. Ez zuen zehaztu nahi izan «heriotza zenbait» horiek zenbat ziren zehazki: «Gauzak lausoegiak dira mementoko zifra baten emateko». Bat baino gehiago zirela berretsi zuen, haatik. Ez zuen zehaztu heriotza horiek zein garaietan gertatu ziren ere. Agorrilaren 9an egin zen seinalea, eta egun horretan berean zuen zuzendariak berak hartu justizia abisatzeko erabakia: «Azaldu gertakariak zein ziren ikusirik, segituan abisatu nuen prokuradorea». Zuzendariak berretsi zuen justizia «lagunduko» duela bururaino. Lagunduko du baita ere paraleloki Frantziako Osasun Ministerioak zabaldu duen inkesta. Zuzendariak gehitu zuen atzo bertan jarri zela harremanetan gertakari horiei loturik izan daitezkeen familiekin. Gaineratu zuen erietxeko sendagintzako langileak «hondatu» dituela gertakariak. Eta ondorioz laguntza psikologikoa ekartzeko zerbitzu bat zabaldu duela.
Atxilotua larrialdi zerbitzuko kargudunetako bat zen, baina azken bi urte hauetan kargua kendua zioten. Arazo psikologikoak izan zituen, eta erietxe psikiatriko batean egonaldi bat egin zuen.
Eutanasia, legez kanpokoa
Frantziako Senatuak igaro urtarrilean bidea moztu zion eutanasiari bide emateko legeari. Urtarrilaren 25ean Gizarte Gaietako Batzordeak hainbat zuzenketa ezarri zizkion egun batzuk lehenago senatuak berak onartutako lege egitasmoari, eta proiektuaren atal nagusia bertan behera geratzea ekarri zuen horrek. Hain zuzen ere, lehendabiziko artikulua baliogabetu zuten; artikulu horrek baimena ematen zien gaitz sendaezina zuten eriei mediku laguntza eskatzeko, modu horretan minik gabeko heriotza azkarra bermatzeko.
Gaiari buruzko ika-mika noizean behin bizi-bizi pizten da. Eutanasia aktiboa arautzeko lege egitasmoa UMP, PS eta PCko hiru senatariren proposamenen bat-egitearen ondorioa izan zen. UMP alderdiaren barruan desadostasun handiak eragin zituen egitasmoak. PS barruan ere agerikoak izan dira alderdi barruko desadostasunak. Nolanahi ere, urte hasierako eztabaidan PSko senatariak agertu ziren modurik nabarmenenean eutanasia aktiboa legeztatzearen alde; Belgikako eta Herbehereetako adibideak aintzat hartzeko eskatu zuten, eta ohartarazi zuten ezinbestekoa dela «hipokrisia» albo batera utziz «duintasunez hiltzeko eskubidea» arautzea. Eutanasia pasiboa, berriz, legezkoa da; hau da, botikak hartu eta medikuak artatzea nahi ez duten eriek eskubidea dute horretarako. Leonetti legeak ahalbidetzen du 2005. urtetik. Lege horrek aukera ematen die eri terminalei, mina arintzeaz gain, heriotza ekarriko dioten botikak ere eskatzeko.
Hego Euskal Herrian aurki bizitzaren azken unekoak arautzeko lege berria izango dute. Ekainean Espainiako Gobernuak Gorteetara bidali zuen heriotza duinari buruzko lege proposamena. Eutanasia aktiboaren legeztatzerik ez du aipatzen.
Gaixo batzuen heriotzarekin lotura duelakoan, mediku bat atxilotuta
Baionako erietxe publikoan hildako gaixoak dira; asteazkenean atxilotu zuten, eta gaur eramango dute instrukzio epailearenganaEpaileak giza hilketa boluntarioa leporatu diezaioke; gutxienez lau kasu susmagarri dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu