Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko ospitaleetako kanpoaldeek ezohiko itxura hartu zuten atzo eguerdian. Gaixo dauden pertsonen eskubideen aldeko aldarriak batuta, elkarretaratzeak egin zituzten lau ospitaletako atarietan; oso gaixo dauden arren preso dituzten pertsonen eskubideen aldeko aldarriak egin zituzten. Herrira mugimenduak eta osasun arloko langileek antolatuta, gaixo dauden presoak berehala askatzeko premiaz ohartarazi zuten.
«Kartzeletako egoerak eragin du deialdia, badirelako zenbait preso patologia larriak dituztenak, 15, 20, 25 urte giltzapeturik eman eta, kasu askotan, zigor osoa betea dutenak», azaldu zuen Donostiako protestan Jon Garai Herrira mugimenduko kideak. «Batzuek arazo psikologiko larriak dituzte, beste batzuei bihotzeko ebakuntza egin diete, minbizia dutenak ere badira, preso batek itsu geratzeko arriskua du... Eta etxetik ehunka kilometrora daude, sakabanaketaren ondorioz, bakartuta, estresaren menpe, elikadura txarrarekin eta osasun laguntza eskasarekin».
Garaik ohartarazi zuen bereziki Txus Martin presoaren egoera dela kezkagarria. Gaixotasun psikologiko larria du Martinek, baina Zaballan dute preso. Gainera, orain arte espetxe horretan harekin egon den euskal preso bakarrari espetxez aldatuko dutela jakinarazi diote. Garaik azaldu duenez, bakarrik utziko dute Martin, eta hori «oso kaltegarria» da haren osasun psikologikorako.
Espainiako Gobernuak euskal presoei ezartzen dien «zigor kolektiborako politikan» kokatudu neurria Herrira mugimenduak, eta egoera irauli beharraz ohartarazi du. Horretarako, mobilizatzeko deia egin dio euskal gizarteari, «errusiar erruleta honen amaiera berandu baino lehen lortzeko».
Iruñeko elkarretaratzean, berriz, Osasunbideko langileakegiten ari diren sinadura bilketaren berri eman zuen Dabid Mendazak. Gaixotasun larriak dituzten lau nafar preso dituztela salatu eta gaixo ororen eskubideak errespetatu behar direla azalduta, langileen artean sinadurak biltzen ari dira laurak askatzeko eskatzeko.
Herrietako mobilizazioak
Atzo hileko azken ostirala izanik, iluntzean ere mobilizazioak egin zituzten. Besteak beste: Oñatin (100 pertsona), Pasai Antxon (55), Azpeitian (151), Hondarribian (36), Zumaian (82), Aretxabaletan (60), Irunen (104), Arrasaten (250), Getarian (48), Zaldibian (48), Zarautzen (213), Gernikan (78), Zaratamon (20), Aulestin (62), Durangon (110), Arrigorriagan (55), Erandion (50), Bakion (45), Sondikan (26), Otxandion (52), Irurtzunen (27) eta Lesakan (45).
Gaixo dauden presoak berehala askatzeko eskatu dute ospitaleetan
Txus Martinen egoeraz ohartarazi du Herrira-k: gaixotasun psikologiko larria izanik ere, bakarrik utzi nahi dute kartzelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu