Jon Iurrebaso Bilboko euskal presoa aske gelditu zen herenegun. Parisko Auzitegiak baldintzapeko askatasuna onartu dio duen eritasunagatik. Parisetik ezingo da atera, eta astean bi aldiz polizia etxe batera joan beharko du sinatzera. 2007ko martxoaren 28an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Dordoina departamenduko Perigueux herrian (Frantzia mendebaldean), eta Laurence Le Vert epaileak hura espetxeratzeko agindua eman zuen gaizkile talde bateko kide zelakoan. Aurretik ere preso egona da Iurrebaso, eta honako honetan hiru urte eta erdi egin ditu kartzelan, La Sante eta Osnyko espetxeetan.
Bestalde, Mikel Karrera euskal presoak 18. eguna du gose greban Poitiers-Vivonneko espetxean. Pairatzen dituzten baldintza txarrak salatzeko ekin zion protestari Joseba Fernandez beste euskal presoarekin batera. Baina Fernandezek gaur zortzi gose greba bertan behera utzi zuen osasunak txarrera egin zuela eta ahul sentitzen zela. Horiekin elkartasunez, kartzela berean dauden Maite Aranaldek eta Saioa Sanchezek ere gose greba hasi zuten irailaren 9an, baina bi egunen buruan utzi zuten. Hala ere, borrokan jarraitzen dute zigor ziegak okupatuz.
Lau horiei elkartasuna adierazteko, joan den larunbatean 40 bat lagun bildu ziren espetxearen aurrean. Zuzendariarekin biltzeko eskaera egin zuten, baina erantzunik gabe gelditu zen. Horren harira, espetxeko zuzendariak prentsari egindako adierazpenak zuzendu nahi izan ditu Askatasunak, nabarmenduz ez dela egia preso guztiek tratamendu bera jasotzen dutela. Salatu du euskal presoekin tentsioak, bortizkeria eta tratu umiliagarriak eguneko ogia direla.
Gaixo dela eta, Jon Iurrebaso askatu dute baldintzapean
Mikel Karrera presoak 19 egun bete ditu gose greban Poitiersko espetxeko bizi baldintzak salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu