Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamalau euskal presoak libre utz ditzatela aldarrikatzeko, elkarretaratzea egiten ari dira Donostiako erietxearen atarian, Herrira mugimenduak deituta. Hamalau orduko bilkurari ekin diote goizean, hamarretan.
Asteazkenetik Donostiako erietxean dago Josu Uribetxeberria presoa, minbizia daukala eta. Leongo kartzelatik (Espainia) ekarri zuten, eta ospitaletik Zaballako espetxera (Araba) eramango lukete gero.
"2005ean diagnostikatu zioten minbizia, eta, horregatik, giltzurrun bat kendu. Handik bi urtera, Espainiako Gobernuak ukatu egin zion gaixotasun larriagatiko behin-behineko askatasuna, eta, horrela, heriotzara kondenatu zuten", salatu du Herrira-k.
Larunbatean manifestazioa egin zuten Arrasaten —hangoa da Uribetxeberria—, eta mobilizatzen jarraituko dute. Bihar, etzi eta etzidamu elkarretaratzeak egingo dituzte Donostiako Ospitalaren aurrean, 11:00-12:00ak artean, eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera.