«Gaizki goaz PSOEn nik bezala pentsatzen duen jendeak tokirik ez badu»

Jose Luis Urizek irmo ukatu Atarrabiako txupinazoan Arnaldo Otegi omendu izana. Harrituta agertu da bezperan egindako gogoeta soil bategatik kanporatzeko espediente bat ireki izana.

joxerra senar
Iruñea
2010eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Bi aste pasa igaro dira Jose Luis Uriz Atarrabiako PSNko zinegotziak (Madrid, 1948) herriko txupinazoa bota zuenetik. Suziriak, festen hasiera adierazteaz gain, bide eman zion PSN-PSOEk hura kanporatzeko irekitako espedienteari, suziria Arnaldo Otegiren omenez bota zuelakoan. Urizek gezurtatu egin du, eta zehaztu du txupinazoan bakearen alde soilik hitz egin zuela; arrazoitu du bezperan, kazetariek suziria botatzerakoan norekin gogoratuko zen galdetuta, Arnaldo Otegi, Patxi Zabaleta, Tomas Gomez, Odon Elorza eta Merce Tura aipatu zituela. Bi legealditan parlamentari eta hiru legealditan Atarrabiako zinegotzi izan ostean, orain Nafarroatik alde egin du. Bartzelonatik erantzun die galderei.

Zerk atsekabetu zaitu gehien?

Nire aurka espedientea aurkezteko formak eta edukiak berak. Politikagintzan 30 urte izan ostean, horietatik 20 urte PSN barruan, ez nuen halakorik merezi. Gainera, komunikabideen bidez jakin dut dena. Sakonean, nik suziri egunean esan nuena esan nuen, besterik ez. Anekdota gisa, Atarrabiako apaizak baimena eskatu zidan igandeko sermoirako nire hitzak hartzeko. Bezperan egindako gogoeta hori ez da espedientea aurkezteko arrazoi nahikoa.

Zeure burua defendatzeko orduan, zer argudiatuko duzu?

[Jose Luis] Izkori, [PSNko Antolamendu idazkariari], esan nion gorputz eta arimaz defendituko nuela neure burua, bai alderdi barruan bai alderditik kanpo. Ni isilik gera naiteke; ziurrenik, hori litzateke inteligenteena, baina nire izen ona orbandu dute; iritzi publikoaren aurrean gurutziltzatu naute, eta gizartearen aurrean defenditzeko eskubidea badut. Gaur egun, Nafarroako gizartean %95ek pentsatzen dute suziria Otegiren omenez bota nuela, eta hori gezurra da. Uste dut alderdietako afiliatuek gutxienez herritarrek adina eskubide izan behar dugula. Alderdiaren aurrean defendituko naiz, eta galduko banu, auzitara jotzeko aukeran pentsatu dut. Ez dago arrazoirik espedienterik irekitzeko. Ez dut uste, gainera, nire iritzia beste munduko ezer denik. Alderdi barruan batzuek iritzi bera dute, eta baten batek jendaurrean azaldu du.

Eta zerk gogobete zaitu gehien?

Elkartasun, adeitasun eta babes keinu asko jaso ditut azken egunetan. Telefono deiak, posta elektronikoak edo Facebook bidezko mezuak; nire alderdiko jendea, Nafarroakoa eta Nafarroatik kanpokoa, baita nire alderditik kanpoko jendea. Alde horretatik, oso harro nago: PP eta UPNko jendea, Patxi Zabaleta, ezker abertzalearen inguruko jendea... Horrek bihotza altxatzen du, eta borrokan jarraitzeko animoak ematen dizkizu.

Arnaldo Otegi espetxeratu zutenetik urtebete pasatu da. Zergatik gogoratu zinen Otegirekin?

Nik neuk uste dut Otegik espetxetik kanpo egon beharko lukeela. Sentimendu pertsonal bat da, eta espero dut beste ondoriorik ez izatea. Orain ezker abertzalearen barnean mugimendu sakon batzuk daude; beharbada, ez dira guk nahiko genituzkeen urratsak, baina, beharbada, ezker abertzaleko batzuk buru argiz jokatzen ari dira. Agian, nahiz eta batzuek azkarrago joan nahiko luketen, motelago joatea da zentzuzkoena, atzetik denek jarrai dezaten. Zalantzarik gabe, mugimendu bat dago; norabide horretan ari dira lanean, eta ekimena jende horrek darama: Rafa Diez, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria...

Eta, zure ustez, zer egin beharko lukete beste alderdiek?

Historian lehenengo aldiz, Batasunaren barnean arlo politikoa militarrari inposatzen ari zaio, ea hala den behingoz; bide hori lagundu egin behar da. Ondo zaindu behar da, ildo horretan lan egiten ari den jendea gero eta irmoago egon dadin. Inteligenteena norabide horretan lan egitea da.

PSNk ere aurreikusi egin beharko luke ETArik gabeko etorkizun hori?

Bai, jakina. Alderdietan, askotan arlo taktikoari erreparatzen diogu, eta arlo estrategikoaz ahantzi egiten gara. Hauteskundeetan soilik pentsatzen da, eta hurrengoak oso gertu daude. Zeharka, hautesleei begira zaude. Herrialde honek bakea behar du, eta herrialde diodanean jar dezala hor bakoitzak nahi duena. Bakearen ikuspuntutik, bide hori babestu egin behar da, eta ETA ondorengo jokaleku bat aurreikusi behar da: nola geratuko den Nafarroa, nola geratuko den Euskadi. ETA amaitzen denean, eztabaida ideologikoa eta politikoa bere tokira itzuliko da: ezkerra eta eskuina. Ezker abertzale eta ez-abertzalea, eta eskuin abertzale eta ez-abertzalea. Norabide horretan lan egin beharko dugu. Kataluniaren adibidea jartzen dut: PSC, ERC eta Iniciativa per Catalunya. Euskadira edo Nafarroara igor daiteke.

Patxi Zabaleta ere aipatu zenuen.

Patxi Zabaleta figura historikoa da, lehenik bakegintzan ausarta izan delako, Batasunetik atera eta Aralar sortu zuelako. Indar abertzaleen arteko batasunaren alde lan egin zuen Nafarroan; emaitza bikainak izan ditu Euskadin. Giltzarria da EAEko, Nafarroako eta Estatuko politikagintzan. Ezkerrekoa da, gainera. Nahiz eta batzuek pentsatu ezin dela ezkerrekoa eta abertzalea izan, nik uste dut posible dela. Berez, nazionalista espainiarra eta ezkerrekoa den jendea badago, nire alderdi barruan, besteak beste.

Kritikoa al zara legealdi honetan PSNk egin duen politikarekin?

Beti uste izan dut indar aurrerakoiekin bat egitea dela logikoena eta normalena. Duela lau urte gobernu aurrerakoiaren alde apustu egin nuen, eta apustu bera berretsiko nuke gaur egun. Ezkerreko alderdien elkar ulertzea da etorkizuna. Gizarteak ez du ulertzen sigi-saga ibiltzea, gaur gobernua babesten, gaur gobernua kritikatzen. Ildo bat hartu behar da, eta eztabaidagarria izan liteke, baina amaieraraino eman behar da, sigi-saga ibili gabe.

PSNko Roberto Jimenez eta Jose Luis Izkok zurekin nazkatuta zeudela zioten. PSNren barnean zurea bezalako ahotsak behar direla uste duzu?

Beharrezkoa izateaz gain, ezinbestekoak dira. Ez bageunde, asmatu egin beharko gintuzkete. Dena den, nirea ez da ahots kritikoa, beti argudio politikoak ematen saiatzen naizelako. Beste gauza bat da botereak hori gustuko ez izatea. Noizbait alderdiek barne katarsia egin beharko dute, eta XXI. mendera egokitu. Nire planteamendu politikoak ditut, eta horiek defenditu egiten ditut. Gainera, beti leial jokatu dut. Zortzi urtez parlamentari izan naiz, eta hamabi urtez hautetsi... Beti nire alderdiak esan didana bozkatu dut, ados egon nahiz ez. Praktika politikoan, irmo bete dut alderdiaren diziplina. Ideiak, dena den, diziplinatik at daude. Nire alderdiarekin leiala naiz, baina areleialagoa ideiekin. PSOEn, ni bezalako jendeak tokirik ez badu, gaizki goaz. Sinetsita nago ez nautela kanporatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.