Galdakaon eta Usansolon batera zenbatuko dituzte botoak, azkenekoz

Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, INEk ez ditu bi udalerrietako erroldak berritu.

Desanexioa ospatzeko antolatutako eguna, Usansolon, martxoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Desanexioa ospatzeko antolatutako eguna, Usansolon, martxoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
2024ko apirilaren 15a
18:30
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako zenbaketa batera egingo dute Galdakaon eta Usansolon (Bizkaia). Usansolo abenduaren 22tik udalerria den arren, INE Espainiako Estatistika Institutuak bi udalerrietako datuak batera emango ditu, Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez.

INEk argudiatu du hauteskundeetarako errolda abenduaren 1ean itxi zela, eta, beraz, ez duela kontuan hartzen desanexioa, hura beranduago onartu zelako. Galdakaoko Udalak adierazi du saiatu direla «hauteskundeetarako errolda gaur egungo errealitatera egokitzen», eta gehitu du Usansolo udalerri izendatu aurretik ere abisatu zuela aldaketa iristear zela.

Eguneraketa hori gauzatu gabe, ezinezkoa da udalerri bakoitzeko emaitzak zehaztea. Izan ere, Galdakaoko Bekea, Bekelarre, Basozabal eta Itzaga auzoetako biztanleek Usansoloko hauteslekuetan eman beharko dute botoa. Lau auzo horietan 159 lagun bizi dira, udalak azaldu duenez.

Azken aldia izango da Galdakaoko eta Usansoloko herritarrek hauteskundeetako boto paperak batera zenbatuko dituztena. Izan ere, azaldu dute INEk jada aldaketa egina izango duela ekainean egingo diren Europako Parlamenturako bozetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.