Indarrean dago, atzotik, hezkuntza erreforma. Datorren ikasturtean hasi beharko luke eragina izaten, berez, baina Espainiako Gobernuak berak aitortu du zaila izango dela. Zinez estuak dira epeak. Eragin handiena 2017rako iritsiko da, izatekotan ere: orduan hasiko dira martxan irakats-aldi amaierako probak. Mehatxupean egingo du bide hori legeak, nolanahi ere. Auzitegiena bat, ziurra baita erkidego batzuek Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela. Diruarena bestea, nork eta nola pagatuko duen ez baitago erabat argi. Eta parlamentuarena azkena, oposizioak iragarria baitu legea atzera botako duela PPk gehiengoa galtzean.
Noiz ezarriko dute?
Legean zehaztutako egutegiaren arabera, irailean hasiko dira aldaketak, lehen hezkuntzan. Lehen, hirugarren eta bosgarren mailetan hasiko dute eredu berria; ikasle horiek erreformaren araberako bidea egingo dute hortik aurrera. Lehen hezkuntza osoa eredu berrira egokituko da 2015-16ko ikasturterako. DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan orduan hasiko dute eredu berria lehen eta hirugarren mailan, eta 2016-17an zabalduko da. Batxilergoan ere bai.
Amaierako probak noiz?
Irakats-aldi bakoitza bukatzean proba bat jarriko diete ikasleei. Lehen hezkuntzan, hiru alor aztertuko dituzte: hizkuntzak, matematika, eta zientzia eta teknologia. Ez dute zenbakizko notarik jarriko, eta ez du zehaztuko errepikatu beharko den edo ez. 2016ko ekainean izango da lehen proba.
2017ko ekainean hasiko dira azterketa horiek egiten DBHn eta batxilergoan. Titulua lortzeko, proba hori gainditzea ezinbesteko izango da, eta batez besteko notan eragina izango du. DBHn, irakasleen kalifikazioak zehaztuko du notaren %70, eta amaierako probak, %30; batxilergoan, %60 eskolan jasotako notak, eta %40 azken azterketakoak —orain horrela da selektibitatean—. Proba gainditzen ez dutenek ez dute titulurik jasoko; egindako ikasketei buruzko ziurtagiri bat helaraziko diete.
Errepikatu beharko da?
Ikasgai kopuru zehatz bat gainditzen ez bada, bai. Lehen hezkuntzan ez dute gutxienekorik zehaztu, baina azaldu dute "salbuespenekoa" izan behar duela errepikatzeak. DBHn baldintzak gogortu dituzte: hiru suspentsorekin errepikatu egin beharko da maila, eta birekin ere bai, baldin eta gainditu gabeko bi horiek Euskara, Gaztelania edo Matematika badira —orain, bi ikasgai badira, ez dio axola zein diren—. Batxilergoan, hiru suspentsorekin errepikatu beharko da maila. Ikasgai guztiak gainditu beharko dira amaierako azterketa egiteko; DBHn, asko jota bi suspentso eduki ahalko dira.
Zein ikasgai dira nagusi?
Erkidegoek eta ikastetxeek autonomia handiagoa izango dutela nabarmendu du behin eta berriz Jose Ignacio Wert ministroak, aukera izango dutelako ikasgai batzuk eman edo ez erabakitzeko. Zeresan handiko ikasgaiak erabat ezarrita etorriko dira, halere. Enborreko ikasgaiek izango dute pisu handiena. Lehen hezkuntza amaitzean egingo duten proban, adibidez, hiru adar soilik sartuko dira azterketan: hizkuntzak, matematika, eta zientzia eta teknologia. DBHn eta batxilergoan, soilik ikasleak nahitaez egin behar dituen ikasgaiak hartuko dira kontuan errepikatu edo ez zehazteko —batez bestekoak egiteko balioko dute gainerakoek ere—.
Eta zein dira 'galtzaile'?
Ikasgai batzuen pisua nabarmen ahulduko du LOMCEk. Musikarena, arte plastikoena eta teknologiarena, adibidez. Ikasgai espezifiko izango dira, eta ikasleek ez dituzte nahitaez eman beharko. Erkidegoak eta eskolak zehaztuko dute zer nolako pisua eman. Filosofiak zeresan gutxiago izango du. Batxilergoko bi mailetan ematen dute gaur egun; aurrerantzean, ordea, lehen mailan bakarrik.
Ikasgai batzuk desagertu egingo dira: Herritartasunerako Hezkuntza, Etika, Mundu Garaikiderako Zientziak... Wertek esana du ikasleak "distraitu" egiten direla ikasgai horiekin, eta denbora kentzen gai dietela «garrantzitsuei».
Zer tratu du erlijioak?
Gaur egun baino pisu handiagoa izango du. Erlijioko edo haren ordezko ikasgaiko nota ez dute aintzat hartzen unibertsitatean sartzeko nota zehazteko edo beka jasotzeko; aurrerantzean, bai. Ez du izango beste ikasgai batzuek adinako zeresanik —amaierako azterketetan ez da sartuko, eta, beraz, eskolaren esku dagoen %60-70 horretan soilik nabarituko da—, baina beste gai batzuek baino pisu handiagoa izango du aurrerantzean, errepikatu edo ez zehazteko balioko baitu —musika, teknologia eta beste alor batzuek, ez—.
Ikasgai polemikorik?
Herritartasunerako Hezkuntzaren aurka gogor aritu da urteetan PP. Hura kentzea izan zuen lehen egitekoa Wertek, eta beste bat egitea. Lehen hezkuntzan, Balio Sozial eta Zibikoak izango da ikasgaia; DBHn, Balio Etikoak. Giza eskubideei eta pentsamenduari lotutako edukiak dira nagusi. Gobernuak asmoa agertua du ETAren indarkeria ikasgai horretan lantzeko, biktimen talde batzuekin edukiak adostuta. Erlijioa aukeratzen ez dutenek —gehiengoa dira Hegoaldean— derrigor eman beharko dute ikasgai hori; erlijioa ematen dutenek ere izango dute aukera hautazko gisara hartzeko.
Lanbide heziketa berria?
DBHn komerietan dabiltzan ikasleei lanbide hastapeneko programak eskaintzen dizkiete. Aurrerantzean, oinarrizko lanbide heziketara joango dira. 15 urte izatea da baldintza. Ez diete DBHko titulua emango zuzenean: amaierako azterketa egin beharko dute, eta gaindituz gero jasoko dute titulua —ez dituzte DBHko edukiak ikasiko, ordea—. Lanbide gaitasunaren titulu bat jasoko dute, eta erdi mailako lanbide heziketara jo ahalko dute oinarrizkoa gainditzean. Bi edo hiru ikasturtekoa izango da heziketa hori —errepikapenekin, gehienez bost urte—.