biktimak

GALen beste biktima bati ere ukatu diote kalte-ordaina

Auzitegi Nazionalak atzera bota du Perez de Arenaza zenaren sendiaren eskaera, nahiz eta 2000. urtean gobernuak onartu zuen terrorismoaren biktima gisa eta hura ETAkoa izan zela esateko epairik ez dagoen.

Xabier Perez de Arenazaren gorpua, 1984an, atentatuaren ostean. GAL 30 URTE LIBURUA
enekoitz esnaola
2015eko urriaren 23a
09:53
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota du Xabier Perez de Arenaza zenaren sendiak 2011ko Terrorismoaren Biktimen Aitortzarako eta Babes Integralerako Legean oinarrituta eskatutako kalte-ordaina. Perez de Arenaza ETAko kidea izan zela dio auzitegiak, nahiz eta halakorik dioen epairik ez dagoen. Gainera, Auzitegi Nazionalak berak 1982an baztertu egin zuen hark loturarik zuenik erakunde armatuarekin. GALek hil zuen, 1984an. Auzitegi Nazionalak GALen beste biktima batzuei ere ukatu die kalte-ordaina, antzeko arrazoiak erabiliz, eta familia batzuk Konstituzionalera jotzen hasi dira.

Gobernuak, 1999ko Terrorismoaren Biktimekiko Elkartasunerako Legean oinarrituta, Perez de Arenaza terrorismoaren biktimatzat aitortu eta 2000. urtean familiari kalte-ordaina eman zion (138.232 eurokoa). Baina 2012an sendiak kalte-ordain hura lege berrira egokitzeko eskatu zuen Barne Ministerioan, eta, hala, iritzi zion diru kopuru handiago bat jaso behar zuela.

2013ko irailean Barne Ministerioak familiari ezezko erantzuna eman zion, polizia txostenek Perez de Arenaza etakidea zela diotela esanda. Urte bereko azaroan sendiak administrazioarekiko auzietako helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalean, euren senidea ETAko kidetzat jotzeko epairik ez dagoela agurdiatuta. GALek Miarritzen hil zuen Perez de Arenaza (Aretxabaleta, 1949), tiroz. 1984ko maiatza zen. Aurrez, 1982ko irailean ere atxilotu egin zuten —Guardia Zibilak—, ETArekin harremana zuelakoan, baina berehala askatu zuten, eta Auzitegi Nazionalak haren aurkako kasua behin-behinean itxi egin zuen orduan.

Barne Ministerioak bere ebazpenean zioen Europako Ituneko puntu batean oinarritu zela kalte-ordain eskaerari ezezkoa emateko, epairik ez egonda ere "beste edozein froga onargarrik baieztatu" ahal duelakoan kide bat erakunde armatukoa dela. Barne Ministerioak Estatu Segurtasun Idazkaritzari eskatu zion txostena. Familiak ez zion froga baliorik eman haren idatziari, epaileen sententziarik ez dagoela zioen, eta auzitegira jo zuen.

Auzitegi Nazionalak, baina, Barne Ministerioaren ebazpenari eman dio arrazoia. Jose Luis Nuñez —bosgarren sekzioko presidentea—, Jose Maria Gil, Jesus N. Garcia, Fernando F. Benito eta Tomas Garcia magistratuek hartu dute erabakia. Diotenez, Guardia Zibilaren 2012ko eta Espainiako Poliziaren 2014ko txostenek diote ETArekin lotura izan zuela Perez de Arenazak —honen atxiloaldiko ustezko adierazpen batzuk ere oinarritzat dituzte—. Epaileen arabera, "bada nahikoa datu ETArentzat informazio, bitartekari eta mezulari lanak" egiten zituela esateko eta, ondorioz, familiaren kalte-ordain eskaera atzera botatzeko.

Sendiak Auzitegi Konstituzionalera joko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.