FELIPE GONZALEZ ETA GAL

GALi buruzko ikerketa batzordea sortzea babestuko du Unidas Podemosek

Pablo Echeniquek uste du CIAren dokumentuei buruzko albistea argitaratatu zuen egunkariaren helburua dela Espainiako Gobernu koalizioa apurtzea, baina azaldu du Unidas Podemosen jarduna «koherentzian, printzipioetan eta eskari sozialetan oinarritzen» dela.

Iglesias eta Echenique UPkoak, herenegun, Kongresuan. BALLESTEROS / EFE
jon olano
2020ko ekainaren 19a
18:52
Entzun

Atzera egin du Unidas Podemosek. Egunotan jendaurrera atera dira Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen paper batzuk, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia zipriztintzen dutenak. CIAren paper horien arabera, Gonzalezek onartu egin zuen ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea. Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruzko auzia berriro hartu da hizpide, eta Espainiako Kongresuan ekinbideak aurkeztu dituzte talde batzuek.

Pablo Echenique Unidas Podemoseko bozeramaileak garrantzia kendu zien dokumentuei, eta ez zuen beharrezko jo gaiari buruzko ikerketa batzorde bat sortzea: «Ez dute ezer berririk esaten, eta orduko egunkari orriekin eginak daude». Posizio horrek kritika ugari sortu ditu; besteak beste, Pili Zabala koalizioaren lehendakarigai izandakoak «ezinegona eta kezka» adierazi ditu.

Ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu zuten atzo EH Bilduk, EAJk, ERCk, Junts Per Catalunyak, CUPek eta BNGk, eta, horren aurrean, Unidas Podemosek zehaztu du babestu egingo duela batzorde hori sortzea. Echeniquek berak azaldu ditu arrazoiak, sare sozialen bidez.

Zehazki, azaldu du CIAren dokumentuei buruzko albistea argitaratatu zuen egunkariaren —La Razón kazetaren— helburua dela Espainiako Gobernu koalizioa «apurtzea», eta agiriek ez dutela «jakina ez zen ezer» aipatzen: «Baldintza normaletan, maniobra hutsean geratuko litzateke. Baina euskal hauteskundeak daude, eta nazionalismoak erabaki zuen haiei ere ongi zetorkiela gaia. Hobe GALi buruz hitz egitea Zaldibarri edo Bizitzeko Gutxieneko Errentari buruz baino, ezta?».

Echeniquek uste du «testuinguru horretan» planteatu dela ikerketa batzordea: «Ez ginateke gai honetaz ariko gobernu koaliziorik eta euskal hauteskunderik ez balego». Edozein modutan, azaldu du Unidas Podemosen jarduna «koherentzian, printzipioetan eta eskari sozialetan oinarritzen» dela eta batzordea sortzearen aldeko botoa emango dutela: «Gure printzipioak eta ibilbidea bat datoz euskal eta espainiar gizarteak gertakariok ikertzeko duten borondatearekin». Erantsi du jakina dela koalizioak zer jarrera duen «sakoneko estatuaren egituren legez kanpoko erabileraz eta estatu terrorismoa parlamentuan ikertzeko beharraz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.