Euskal presoak. Manifestazio ondokoak

Gallardonek baztertu egin du amnistia ematea

Espainiako Justizia ministroak dio presoei banakako neurriak ezarriko zaizkiela baldin eta biktimei barkamena eskatzen badieteGallardonen ustez, ez da nahikoa ETAk armak uztea, eta desagertzeko exijitu dio

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak adierazi du euskal presoei ez dietela amnistiarik eta indultu orokorrik emango, «Konstituzioak ez duelako biderik jartzen neurriok emateko». Azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak legedian eta banakako neurrietan oinarrituko du beti espetxe politika, eta, gainera, ohartarazi du bi baldintza bete beharko direla: «Presoek biktimei barkamena eskatu beharko diete, eta haiekiko ordaintze eta erreparazio borondatea agertu beharko dute». Gasteizen egin ditu adierazpenok Gallardonek, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari berri Carlos Urkixok kargua hartzeko ekitaldian.

ETAk jarduera armatua behin betiko utzi ostean zabaldu den aroa hizpide izan du Gallardonek ekitaldian. Egoera «aldatu»bada, zuzenbide estatuaren eta Espainiako eta Euskal Herriko herritarren «irmotasunari» esker aldatu da, esan duenez. Halere, ez du uste ETAk borroka armatua utzi izana nahikoa denik, eta desagertzeko eta armak entregatzeko exijitu dio. Hori ez dagoen artean, «botere publikoak eta gizarteak erne» segituko dute, Gallardonen arabera.

Horren haritik, azpimarratu du ezinbestekoa dela «adi» egotea inork «demokraziak eskaintzen dituen tresnak demokrazia beraren kontra» erabil ez ditzan, eta «biktimak etaborreroak» parekatuko dituen historiarik berridatz ez dezan. Espetxe politikari dagokionez, Espainiako Konstituzioak zehaztutakori jarraitu behar zaiola ohartarazi du Gallardonek. Era berean, gogorarazi du Konstituzioak debekatu egiten duela presoei indultu orokorrik ematea eta, beraz, horrek esan nahi duela amnistia ere ez dela legezkoa. Euskal presoen inguruko espetxe politika, gainera, banakako neurrietan oinarrituko dutela azaldu du. Espainiako Gobernuarentzat biktimak beti egongo dira bere jardun politikoaren «erdigunean», eta horregatik, presoek banakako neurriak jaso nahi badituzte, barkamena eskatu eta aitortza eman beharko diete horiei, Gallardonek jakinarazi duenez.

Urkixo eta Alba

Atzo eguerdian hartu zuen Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari kargua Carlos Urkixok, eta ETAren aurkako borrokan Poliziak egin duen lana goretsi zuen ezer baino lehen: «Poliziak argitu du Euskadi eta Espainiarentzako itxaropen eta askatasun aldi hau». ETAren aurkako borrokan Ertzaintzak, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako lana eskertu zuen, «terrorismoaren» biktimak gogoan izan zituen, eta irekitako garai berria «egonkortu» egin behar dela adierazi zuen.

Arratsaldean, berriz, Gallardonek Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari Carmen Albaren kargu-hartze ekitaldian izan zen. Albak esan zuen «ETA erabat desegin arte» haren aurka «Zuzenbide Estatua aplikatu» behar dela «erlatibismorik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.