Gallardonek dioenez, «ez da egongo presoak hurreratzeko planik»

Ezker abertzaleak «konponbiderik ezaren eta gatazka behin betikotzearen bandera» astintzea egotzi dio PPri

Erredakzioa
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak Ser irrati kateari elkarrizketa eman zion atzo. Presoak Euskal Herriko kartzeletara gerturatzeko planik lantzen ari ote den galdetu zitzaionean, Ruiz-Gallardonek, labur, ezetz erantzun zuen: «Ez dago eta ez da egongo presoak gerturatzeko planik». Justizia ministroak azaldu zuen espetxe politika zehaztea Barne Ministerioari dagokiola baina bere eskumenen barruan sartzen dela «zigorren barkamena eta indultuak» emateko aukera. Eskumen hori espetxe politikarekin «estu» erlazionatuta egonda, atzean «gobernu politika» dagoela esan zuen, baina argi utzi nahi izan zuen ez dagoela inongo planik. Haren erantzun laburrak agerian utzi zuen deseroso sentitzen dela auziarekin.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere ildo beretik jo zuen atzo, eta adierazi zuen Mariano Raxoiren gobernuak ez duela presoak hurreratzeko politika bat ezartzeko asmorik. Fernandez Diazen arabera, «banaka» ezarriko dira presoak gizarteratzeko neurriak, betiere legeak jartzen dituen baldintzak betetzen badituzte. Azken egunetan Espainiako Gobernua zabaltzen ari den mezuen ildo beretik, Fernandez Diazek ukatu egin du amnistia orokorrik ezarriko dela.

Ezker abertzaleak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren jarrera prentsa ohar bidez. Ezker abertzalearen irudiko, Ruiz-Gallardonen atzoko adierazpenek agerian uzten dute «konponbiderik ezaren eta gatazka behin betikotzearen bandera» astintzen ari dela alderdi popularra. Ezker abertzalearen ustez, itxikeria eta blokeo politiken defentsan «bakartuta» geratzen ari da PP.

Deia alderdi popularrari

«Euskal Herrian irekitako konponbide prozesuaren inguruan Espainiako Gobernuak garatzen duen politikak argudio bakarra du: eskubideen urraketa», salatu du ezker abertzaleak, eta jarrera horrek PPren beldurra islatzen duela uste du. Gainera, «estrategia immobilistaren lubakitik» ateratzeko eskatu dio PPri. «Behingoagatik, irtenbideen aldeko eragile izaten hasi behar da». Horretarako lehen urratsa egungo espetxe politika amaitzea dela deritzo ezker abertzaleak.

Prentsa ohar horretan, ezker abertzaleak «konbentzimendu osoa» azaldu du PPk altxatu duen «itxikeriaren harresia» gaindituko duela euskal gizartearen gehiengo sozial eta politikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.