Gallizok ETAri ohartarazi dio «legetik at» ez dela egongo espetxe onurarik

Botere Judizialerako Kontseilu Nagusiak azpimarratu du epaileek legea beteko dutela ETA desagertu edo ez

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak esan du espetxe erakundeek «legea bete» besterik ez dutela egiten. «Legetik kanpora ez dago ezer», esan du, ETAri mintzatuz. «Legearen barruan guztia dago, eta handik kanpo ezer ere ez. Hau da egingo dudan komentario bakarra», esan zuen, kazetarien galderei erantzunez.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako adierazpenen sokatik datoz Gallizoren hitzok. Euskal presoak «progresiboki» Euskal Herriko espetxeetara gerturatzeaz hitz egin zuen hark, besteak beste, joan zen astean, Eusko Legebiltzarrean. Espainiako Justizia ministro Francisco Caamañok herenegun esan zuen aukera badagoela «legea eskuetan» proposamen hori aztertzeko, eta esan horiei jarraituz egin zituen hitzok Espetxe Erakundeetako zuzendariak.

Norabide bereko hitzak izan zituen Espainiako CGPJ Botere Judizialeko Kontseiluko bozeramaile Gabriela Bravok. ETAk armak uzten baditu, erakunde armatuarekin eduki beharreko eskuzabaltasunari buruz esan du erakunde armatua desagertu edo ez epaileek legea beteko dutela. «Epaileek beti beteko dute legea Kode Zibilak dioenaren arabera. Espainiako gizartearentzat berririk onena ETA desagertzea izango litzakeela nabarmendu du, baina, bitartean, epaileek «legea zorrotz betez terrorismoaren kontrako borrokan» jarraituko dutela azpimarratu du.

Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiaren hitzei buruz galdetuta esan zituen horiek Bravok. Izan ere, Kalparsorok esan zuen ETA desagertzen baldin bada justiziak jakingo duela «onartzen» eta «eskuzabala» izango dela.

Esteban Gonzalez Pons PPren komunikazio idazkariordearen ustez, berriz, «ETA duela sei hilabete baino hobeto dago orain». Bildu instituzioetan dagoelako egin ditu hitzok. «Ez ditzagun errealitatea eta desioa nahas», gaineratu du, «errealitatea da ETA ez dela desagertu eta ez dituela armak utzi». Haren iritzian, ETA ez da «berehalakoan» desagertuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.