Gernikako Akordioak bake «integrala, demokratikoa eta galtzailerik gabekoa» eskaintzen duela adierazi zuten atzo euskal gizarteko hainbat pertsona ezagunek. Integrala, «gatazka politikoaren ezaugarri guztiak kontuan hartu eta erantzuna ematen dielako». Demokratikoa, «pertsona guztien eskubideekiko errespetuan eta akordioan oinarritzen delako», eta galtzailerik gabekoa, «irabazle bakarra euskal jendartea izango delako».
Premisa horietatik abiatuz, Gernikako Akordioak etorkizunean lortu nahi dituen hiru helburu «nagusiak» azaldu zituzten. Alde batetik, «indarkeria guztien behin betiko desaktibazioa eta biktima guztien errekonozimendua» lortzeko beharra azpimarratu zuten. Euskal presoen egoera hobetzeko eskaera bestetik, eta aukera politiko guztiak legeztatzea azkenik.
Helburu horiek euskal gizartean babesa dutela nabarmendu zuten, eta helmuga horretara iristeko, «jendartearen parte hartze masiboa» beharrezkoa izango dela berretsi.
Hori guztia kontuan hartuta, datorren larunbatean Bilbon Euskal Herriak konponbidea nahi du lelopean egingo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin zuten. Bilboko Kafe Antzokian egin zuten agerraldia, eta han izan ziren, besteak beste, Ainhoa Aznarez, Endika Guarrotxena, Belen Arrondo, Iñaki Lasa, Periko Solabarria, Iñako Goioaga, Josu Murgia, Jose Mari Arrate, Ramon Labaien, Ramon Zallo, Ainhoa Etxaide, Iñaki Murua, Maribi Ugarteburu, Iñaki Zabaleta, Paul Bilbao, Kontxi Bilbao, Miren Amuriza, Oskar Matute, Unai Iturriaga, Xabier Amuriza eta Fredi Paia.
Azaldu zutenez, «behin betiko bake integral eta demokratiko bat soilik herritarren parte hartzearekin izango da posible». Manifestazioa Casilla kiroldegi paretik abiatuko da, 17:30ean.
Bakerako aukera bakarra
Gernikako Akordioak bake bidean mahai gainean jarri duen normalizazio eskaintza egun dagoen «proposamen bakarra» dela azpimarratu zuten deitzaileek, eta eduki horiek gizartearen babesa dutela adierazi. Hori aprobetxatuz, «orain arte iritsi ez garen esparru politiko, sozial eta sindikaletara» iristeko asmoa berretsi zuten. Eta Euskal Herriko, Espainiako eta Europako Batasuneko arlo instituzionaletan lan egiteko bidea jorratzeko asmoa adierazi zuten.
«Orain arte itxirik egon diren ateak» zabalduko dituen giltza bihurtzeko deia egin zioten deitzaileek gizarteari. Bakearen, normalizazioaren eta pertsona ororen giza eskubide eta eskubide politikoen «errespetu osoaren» ateak zabaltzeko deia, hain zuzen ere.
Galtzaile gabeko bakea eskatu du Gernikako Akordioak
Euskal gizarteko hainbat pertsona ezagunek datorren larunbateko manifestaziora joateko deia egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu