Garai berrira egokitu nahirik, irudia moldatu eta Sabin Etxea jendeari ireki dio EAJk

«Etorkizunerako esparru eratzaile berri bat zehaztu, proposatu eta adosteko» konpromisoa hartu du Iñigo Urkulluk

Iñigo Urkullu, atzo, EAJren logotipo berria erakusten. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hogei urte bete ditu EAJren egoitza nagusi eta enblematikoak, Bilboko Sabin Etxeak. Sabino Arana jaio zen orubean dago, eta modernoa da eraikin handi hori, beira eta leiho handiekin egina. Tradizioa ere gordetzen du barruan. Eraikuntza eta artelan modernoekin tartekatzen dira balio handiko lan historiko ugari. Museoetan gorde ohi diren ondasunak ezkutatzen ditu ate blindatuen atzean. Atzo, herritarrentzat ireki zuten. «Aitaren etxearen ateak zabaltzen ditugu, irekitasuna islatu nahirik», azaldu zuen Iñigo Urkullu EBBko presidenteak, bisitariei bide eman aurretik. Garai berrietara egokitu nahirik, alderdiaren irudi korporatibo berria ere aurkeztu zuen.

Ikusmina sortua zuen iragarpenak. Azken egunotan, Sabin Etxearen kanpoaldea alderik alde estaltzen duen oihal handiak ezkutuan izan du irudi berria. Egunsentiari begira dagoen pertsona baten argazkiaren alboan, Socratesen esaldi bat erakusten du: Norbera aldatzea da mundua aldatzeko giltza. Atzo arte, estalia zuen logotipo berria. Orain arteko gaileta du oinarri hemendik aurrerakoak ere. Haren moldaketa bat da, kutsu berria eman nahi diona.

«Garai berri bat dugu: esperantzarako garaia. Ilusiorakoa. Euskadiren etorkizunerakoa». Garai berri horri «ongi etorria» eman, gizartearengana hurbildu nahi duela esan, eta «egungo behar eta eskaerei erantzuteko konpromisoa» azaldu zuen. «Etorkizunerako akordio berri bat landu eta proposatzea» jarri zuen oinarrian. «Garai berriak estatus politiko berri bat eskatzen du».

«Akordiorako garaia» dela dio Urkulluk, «adiskidetzean eta garapenean oinarritutako etorkizunerako zutoina izango den akordio eraikitzaile bat» lortu beharra dagoela. Estatus politiko berria jarri du oinarri. Horrekin batera, adierazi du EAJren lehentasuna «ziklo berri honen liderra izatea» dela, eta autogobernua defendatzea. Hain zuzen, EAJk «botere politikoa berriz zentralizatzeko asmo iluna» ikusi die Espainiako Gobernuak iragarritako murrizketei. «Gure autogobernua ahuldu nahi dute defizit publikoa bideratzeko aitzakiarekin». Horri aurre egiteko, «Euskadiren etorkizunerako esparru eratzaile berri bat zehaztu, proposatu eta adosteko» konpromisoa hartu du.

Euskal gizartea «garai berrirako prestatu» eta herritarrekin «harreman zuzena» lantzeko, «aitaren etxeko ateak» zabaldu zituen atzo. Sabin Etxeko bulego eta batzar gelak erakutsi zituen. EAJren buruzagi nagusiek nork bere bulegoan hartu zituzten bisitariak, ongi etorria zuzenean emateko. Sabino Aranak bulego izan zuena ere museoan bezala ikusi ahal izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.