Ezker abertzalearen marka politiko berria legeztatzeko prozesuan trabarik ez jartzeko eskatu du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. «Espainiako Estatuak baditu tresnak legeztatu ondoren Alderdien Legea betetzen ez duten alderdiak legez kanpo uzteko. Zer arazo dago orduan?». Buruzagi jeltzalearen arabera, ezker abertzaleko kideen jarrera benetakoa ez bada, haiek galduko dute gehien.
Bere blogean idatzitako artikulu batean, Urkulluk nabarmendu du alderdi politiko berriaren estatutuek agerian uzten dutela euskal politikagintza garai berri baten atarian dagoela. Hori hala, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu die «garai berria sor dadin garai berrian urratsak egiteko».
EAJko buruzagiak nabarmendu duenez, herenegungo ekitaldian ezker abertzaleak jarrera argia azaldu zuen ETAren indarkeriaren inguruan. «Sinetsi nahi dut eta sinesten dut ETAk atea itxiko duen helburutik gertuago gaudela, ezker abertzaleak, atzo egin zuen moduan, terrorismoari zilegitasuna kentzeko egin zuen urratsaren ondoren».
Urkullu, baina, «kezkatuta» azaldu da alderdi sozialistako kideek «garai berri honetan» zein erabaki hartuko ote dituzten, eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariri «lidergoa» hartzeko eskatu dio. «Gauza batek asko kezkatuko ninduke: Lopez lehendakaria PP eta PSEk zehaztutako marra gorriaren morroi izateak».
Horren harira, bai PSE-EEri eta bai PPri Eusko Legebiltzarrean duten akordioa berriz aztertzeko eskatu die, «ezker abertzaleak erakutsitako konpromisoaren ildotik». «Gizarte honek aurrera egin behar du normalizazio politikorantz. Hobe izango da bide hori berehala hasten badugu. Ez dugu denbora galdu behar epe motzeko interesekin. 'Duela bost urte nahiko izango zen hau, baina orain...' dioten irakurketei ez diegu tarterik eman behar».
Ildo beretik mintzatu da Josu Erkoreka EAJk Espainiako kongresuan duen diputatua. Espainiako Gobernuari mintzatu zaio, eta alderdi berriaren erregistroa onartzeko eskatu dio. «Batasunak egin dituen urratsak legearen eskaeretara egokitzen dira. Hortaz, Fiskaltzaren bidez auzitara eraman gabe onartu beharko luke alderdi berria».
Erkorekaren arabera, baina, Espainiako Gobernuak auzia judizializatu nahi du, PPren eta oposizioko beste eragileen aurrean «eskuak garbi izateko». «Alderdi berriaren estatutuak Fiskaltzara bidaliko dituela iragarrita, gobernuaren aurreiritziak eta jarrera ezkorra geratu dira agerian».
Miguel Sanz.Nafarroako Gobernuko presidentea
«Ez dago ezer berririk; betiko aurpegiak dira»
Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentearen ustez, ezker abertzalearen jokabidean «ez dago ezer berririk», eta Espainiako Justiziak alderdi politiko berria ez legeztatzeko aukera duela uste du. «Betiko aurpegiak dira, terroristen ondoan egon izan diren berberak, ETAren ekintza kriminalak babesten aritu izan diren berberak». Sanzen arabera, erakunde armatua desagertu arte ezker abertzaleak ez du sinesgarritasunik izango. «Demokratok terrorismoa borrokatzen segitu behar dugu, bat eginda, eta kriminalen ondoan egon direnak hauteskundeetan ez izateko neurriak hartuz».
Maria Dolores de Cospedal. PPko idazkari nagusia
«50 urte pasatu ondoren, ezin gara presaka aritu»
«Gaiztoak ez dira egun batetik bestera on bihurtzen». Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren arabera, Espainiako Gobernua eta Espainiako Justizia «tentu handiz» aritu behar dira ezker abertzalearen «estrategia berriarekin». «50 urtez pertsonak hiltzen eman ondoren, ezin gara presaka aritu». Cospedalek nabarmendu duenez, PPk ez du aldaketarik onartuko «terrorismoaren» aurkako politikan. «Ezin dute udal hauteskundeetan parte hartu. Ez sigla berriekin, ez aurreko sigla batzuekin, ez zerrenda zuriekin, ez beste alderdi batzuen zerrendetan. Inolaz ere ez dira izango hauteskundeetan».
Aintzane ezenarro.Aralarren Eusko Legebiltzarreko eleduna
«Aukera ugari ematen dituen eremu bat ireki da»
Aintzane Ezenarro Aralarren bozeramailearen iritziz, «aurreikuspen baikorrenak gainditu» ditu ezker abertzaleak. «Ez gara ohartu atzoko [herenegungo] albisteak eragin duen aldaketa erradikalaz. Hainbeste urte bakea iristeko zain egon ondoren, herri honetan ezagutu dugun indarkeriaren amaieraren hasieran gaude. Gure helburu nagusiari atea ireki zaio: Euskadin bake iraunkorra eraikitzea».
Ezenarroren aburuz, egoera berri horrek «aukera ugari ematen dituen eremu bat» ireki du. «Herri honetan hain beharrezkoak diren akordio politikoak erraztuko ditu, elkarbizitzarako akordio berriak lortzen saiatzeko». Era berean, «hauteskundeetarako gune politikoak berrantolatzeko ireki den aukera» nabarmendu du Ezenarrok.
Mikel Arana. Ezker Batuko koordinatzaile nagusia
«Gobernuak alderdiaren estatutuak inpugnatzen baditu, erabaki politikoa izango da»
Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiaren arabera, «erabaki politikoa» izango litzateke Espainiako Gobernuak ezker abertzalearen alderdi berriaren estatuak inpugnatzea. «Horrek agerian utziko luke zein den PSOEren eta PPren estrategia. Hainbat herritarren eskubideak murriztu eta gehiengo faltsu bat mantendu». Aranaren irudiko, ezker abertzaleak «urrats izugarria» egin du bakea eta normalizazio politikoa lortzeko bidean. Espainiako Gobernuak «antzeko erantzun» bat eman beharko lukeela uste du.
Joan Ridao. ERCko Espainiako Kongresuko diputatua
«Aitzakiarik ez dago. Ezker abertzaleak bozetan egon behar du»
Joan Ridao ERCko diputatuak uste du ezker abertzalea legez kanpo edukitzeko «aitzakiarik» ez dagoela. «Hauteskundeetan egon behar du». Ezker abertzaleak egindako «urrats historikoaren» neurriko erantzuna emateko eskatu die Ridaok PSOE eta PPko buruzagiei.
Maite Pagazaurtundua. Terrorismoaren Biktimen Fundazioa
«Amarru bat da. Oso ahul daudelako egin dute urratsa»
Maite Pagazaurtundua Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak uste du ezker abertzaleak bide baketsu eta demokratikoetatik aritzeko agertu duen konpromisoa «amarru bat» dela. «Amarru bat da. Oso ahul daudelako egin dute urratsa». Pagazaurtunduarentzat ezker abertzalearen ordezkariak «estrategian eta taktikan adituak dira». «Badakite oso ahul daudela eta ez dutela udaletara iristeko beste modurik».
Ezker abertzalearen alderdi berria. Erreakzioak
Garai berrira egokitzeko, laguntza eskaini die EAJk Zapatero eta Lopezi
Lidergoa hartzeko eta Eusko Legebiltzarrean PPrekin duen akordioa «berriz aztertzeko» eskatu dio Urkulluk lehendakariariOrain arteko politikan aldaketarik ez dutela onartuko berretsi dute PPk eta UPNk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu