Garai berrirako «akordio politiko berria» egiteko deia egin du Iñigo Urkulluk

«Etorkizunerako autodeterminazioa eta dugunarekiko errespetua» eskatu ditu; EAJren «formula aldaezina»

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Egungo garai berrian «akordio politiko bat» egitearen aldeko apustua egin du Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak, bere blogean argitaratutako idatziaren bidez. Proposatutako akordio berri horrek instituzioen babesa beharko lukeela azaldu du, eta herritarren atxikimendua ere beharko lukeela. Oinarria argi du EAJko buruak. Bere hitzetan, betidanik alderdi jeltzalearen «formula aldaezina» izan dena: «etorkizunerako autodeterminazioa, eta egun dugunarekiko errespetua».

Agirreren hitzak bere eginda

Euskadiko lehen Estatutuaren 75. urteurrena izen eman dio Urkulluk, gazteleraz idatzitako artikuluari. Igandean lehen Estatutua onartu zeneko 75. urteurrena bete zela gogoratu, eta «une historiko» hartan, EAJk, Estatutua ezartzea bidean bete beharreko helmugatzat jo zuela azaldu du. Estatutua onartu eta sei egun beranduago lehendakari izendatu zuten Jose Antonio Agirreren hitzak ekarri ditu gogora: «Beti hautatu behar dugun formula aldaezinak dituen mailetako bat da Estatutua». Agirrek 1936 hartan aldatu ezinezko formulatzat jo zuena, Urkulluk atzo aipatutako bera izan zen: «etorkizunerako autodeterminazioa, eta egun dugunarekiko errespetua».

Egun, «Euskadi garai berri batetara gerturatzen» ari dela dio EBBko buruak, hiru arrazoiengatik: Gernikako Estatutua osorik gauzatzea «bideratuta» dagoelako; «75 urteotan Euskadik ezagutu ez duen errealitatea, bakea eta normalizazioa» antzeman daitekeelako; eta, «ekonomia krisi larriak bereganatzen duelako euskal gizartearen kezka».

Hortaz, «garai berri bat argitzeko aukera» dagoela uste du Urkulluk, eta horixe egin nahi duela adierazi du. «Akordio politikoa» egitea proposatu du hartarako, eta, akordio hori instituzioek eta euskal herritarrek babestu beharko luketela adierazi du.

PPri «bakerako aukera honekiko konpromisoa» har dezala eskatu dio, eta, Eusko Jaurlaritzari, noraezean egotea egotzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.