Politika

"Garai politiko berria" dela eta UPNk lehentasunezko bazkide izateari utzi diola berretsi dio Jimenezek Barcinari

UPNren eta PSNren arteko bilera amaitu da, eta bertan Jimenezek Barcinaren dimisioa eskatu du berriro. "Arazo pertsonalak" alboratu eta "gehiago inplikatzeko" erantzun dio Nafarroako lehendakariak.

joxerra senar
2013ko apirilaren 30a
19:12
Entzun

Ordu bat eta 50 minutuz egon dira bilduta UPNren eta PSNren ordezkaritzak Parlamentuan. Bileraren ostean Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak komunikabideen aurrean berretsi du "garai politiko berria eta politika egiteko modu berria" hasi dela, eta UPNk lehentasunezko bazkide izateari utzi diola. Bere ustez, egungo ezegonkortasun politikoa Nafarroako Gobernuaren ardura da: "Gobernua ahula da hala nahi izan duelako, hala erabaki duelako".

Komunikabideei jakinarazi dienez. PSNk hainbat eskakizun egin dizkio Barcinari. Batetik ez du Barcinarengan konfiantzarik eta bere dimisioa eskatu du. Era berean, krisiari aurre egiteko neurriak Parlamentuan hitzartu behar direla adierazi dio, eta ohartarazi dio UPNri Espainian babesten dituen erreformei uko egin behar diela bi alderdien artean adostasunak egon daitezen.Azkenik, defizitaren muga %1,2ra malgutu denez, 90 milioi euro gehigarriak "hazkunde ekonomikoa sustatzeko" baliatu daitezela galdegin dio.

Barcinak eskatu zuen bilera hori egitea, eta Jimenezen ondoren hitz egin du komunikabideen aurrean. Barcinak bi alderdien arteko erlazioetan “aurrerapauso bat” nabaritu du. Baztertu egin du dimititutuko duela. "Utzi dezagun iraganera begiratzeari". Bere ustez, PSNk "arazo pertsonalak" alboratu egin beharko lituzke eta "gehiago inplikatu" beharko litzateke 58.000 langabeei berehalako erantzun bat emateko.

Nafarroako lehendakariak erantzun dio PSNri, Bildu "arazoaren parte” dela, eta ez lukeela elkarrizketatan kontuan hartu behar. Argudioa sendotzeko Iñigo Urkulluk atzo kaleratutako proposamena jarri du mahai gainean: "Ekonomia suspertzeko planari buruz hitz egiterakoan, BIldu baztertu du Urkullu jaunak". Bileran krisitik ateratzeko neurri batzuren izendapena helarazi die UPNk kazetariei eta sozialistei. Proposamen horien edukirik ez dute eman, ordea.

Bilera 12:30ean hasi da. Bertan, UPNren izenean, Yolanda Barcina, Oscar Arizkuren, Jose Luis Sanchez Muniain eta Carlos Garcia Adanero izan dira. PSNren izenean, berriz, Roberto Jimenez, Santos Cerdan, Maria Chivite, Juan Jose Lizarbe eta Roman Felones izan dira.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.