Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoaren esanetan, "diktaduren eta demokrazia ustelen ezaugarri nabarmenetako bat" da egunkariak ixtea: "Oinarrizko eskubideen bortxaketan paradigmatikoa izan da 'Egunkaria'". Adierazpen askatasuna, langileen eskubideak eta beste eskubide batzuk ere urratu zirela nabarmendu du Garaikoetxeak. Halaber, esan du kazetaren itxieraren harira badela zerbait "bereziki mingarria": "Euskararekiko gorrotoa ikusi zen epaiketa hartan. Nik hori ez dut barkatuko".
Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko buruzagiak, berriz, esku hartze politikoa ikusten du kazetaren itxieran: "Ez zen epailea bakarrik, atzetik bultzada politikoa zegoen. Antzeko sarraskiak ez dira egiten modu librean". Gertatutakoaren alde onari ere erreparatu dio, ordea: "Nahiz eta jota gelditu, berriz jaikitzeko adorea, indarra eta herri babesa egon da. Ikasgaia ez da makala: eragozpenen aurrean oztopo guztien gainetik pasatzeko modua dagoela demostratu da".
Joseba Alvarez ezker abertzaleko kideak ere "herri erantzuna" nabarmendu du duela hamar urteko gertaeren eta ondorengoen artean.Horren harira, uste du kazeta itxi nahi zutenen helburua "hankaz gora botatzea" lortu zela euskarazko beste kazeta bat —'Egunero' aurrena eta BERRIA gero— sortuta. Gainera, autokritika falta salatu du: "Barkamenak eta autokritikak eskatzen dutenek ez dute autokritika txikiena ere egin".
Iñaki SotoGara egunkariko zuzendariak Josemi Zumalabe oroitu du, eta alde onak nabarmendu nahi izan ditu: "Esperientzia txar honek erakutsi duena da herri honek badaukala gaitasuna bere errautsetatik berriro jaio eta proiektu berriak eta indartsuak ere ateratzeko". Halere, auzipetuen sufrimendua aipatu du alde txarren artean.
Maite AristegiAmaiurreko diputatuak "herriak erantzuteko duen gaitasunari" erreparatu dio. "Euskaldunok eta euskal herritarrok euskara maite dugu", esan du. Haren iritziz, gertatutakoak erakusten du "datozenak datozela aurrera egingo dugula". Gainera, esan du Euskal Herria libre izango dela "'Egunkariak' behar lukeen bezala".
Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak uste du "agerian" gelditu zela "injustizia bat" egin zutela egunkaria itxita, eta zera erantsi du: "Denborak erakutsi du fartsa bat izan zela". Hala ere, kritikatu du ez dela egon eginiko kaltearen "inongo onarpenik ezta erreparaziorik" ere. Urizarren esanetan, euskara izan zuten jomugan, eta gaineratu du gaur ere jomuga izaten jarraitzen duela: "Lehen Guardia Zibilarekin eta gaur lege inposatzaileekin".
Edurne Brouard Korrika-ko antolatzaileak sentipen "gazi-gozoa" du egunkariaren itxieratik, "lan handiarekin eraikitako proiektu bat behin betiko deuseztu dutelako, baina gozoa ere bai, horren gainetik Euskal Herriak erakutsi duelako helburuak argi dituenean edozertarako gai dela".