Garbiñe Biurrun EAEko Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko lehendakariak prentsa ohar bidez jakin du CGPJ Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak Foro Sozialean parte hartzeari buruz jarritako debekuaren berri, Biurrunek berak gaur BERRIAri jakinarazi dionez.
Epaileak urtarrilean egin zion CGPJri baimen eskaera, eta horrek atzo eman zuen erabakiaren berri; hau da, ez dela "bateragarria" aldi berean epaile eta Euskal Herriko bakegintza bultzatzeko Foro Sozialaren lanetan aritzea, epailearen independentzia kolokan legokeelakoan.
Biurrunek zortzi eguneko epea du bi zereginen artean hautatzeko. CGPJren ebazpena ondo aztertu nahi duela dio, eta erabakia hedabideei jakinaraziko diela. "Oraingoz, ez dut ezer esateko".
Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko Batzorde Iraunkorrak hartu zuen hari debekua jartzeko erabakia; aldeko bost boto izan ziren, eta beste bat zurizkoa izan zen —Merce Pigem-ena—.