Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Gardentasunean oinarritutako kudeaketa aldarrikatu du EH Bilduk

EAJk, PSE-EEk eta PPk sustatutako ereduak hainbat instituziori «porrot ekonomikoa» eragin diela dio

Maribi Ugarteburu, Oskar Matute, Rebeka Ubera eta Unai Ziarreta, atzoko agerraldian. JON H ERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Egun indarrean dagoen kudeaketa eredua aldatu beharra dago, EH Bilduren ustez. Koalizioaren ustetan, EAJk, PSE-EEk eta PPk eredu bera bultzatzen dute: «iluntasuna» nagusi duen eta hainbat instituziori «porrot ekonomikoa» eragin diena. Hori irauli, eta gardentasunean, herritarren parte hartzean eta gizartearen interesean oinarritutako kudeaketa eraginkorra aldarrikatu du.

Jaurlaritzaren diru kontuei buruz Iñigo Urkullu eta Patxi Lopez EAJ eta PSE-EEko lehendakarigaien artean azken egunetan sortutako ika-mikari erantzuteko, agerraldia egin dute Oskar Matutek, Rebeka Uberak, Maribi Ugarteburuk eta Unai Ziarretak, koalizioaren izenean. Urkullu eta Lopezen artean sortutakoa «polemika artifiziala» dela salatu dute; liskarrak «hauteskunde izaera» duela, eta «erabat mediatikoa» dela. Hortaz, eztabaida «antzu» horretatik urrundu nahi du EH Bilduk. Kanpo ikuskatzailerik behar den edo ez galdetuta, behar dena gardentasuna dela erantzun dute. «Herritarrek ezagutuko duten kudeaketa garden eta eraginkorra» behar dela; berez argia izango dena eta, beraz, aparteko argibiderik beharko ez duena.

EAJk, PSE-EEk eta PPk indarrean duten eredua «porlanaren politikarekin erabat lotuta dagoen kudeaketa ez-eraginkor eta ilunean» oinarritzen dela salatu du koalizioak. Eta «dirutza izugarriak» xahutu dituela horregatik. Horrez gain, «zerga politika atzerakoiak» ezarri dituztela salatu du.

Krisiaren lehen zantzuak azaldu zirenean EAJk, PSE-EEk eta PPk egindako erreforma fiskalak kaltegarriak izan direla salatu du: elkarteen gaineko zerga txikitu eta ondarearen gaineko zerga desagerrarazi dutela, eta progresibotasuna murriztu. «Gehiago dutenek gehiago ordaitzeko irizpidea murriztu zuten: Urkulluk demagogia esaten dion hori eta, gure ustez, justizia soziala dena».

Jaurlaritzaren egoerari dagokionez, «diru xahutzearen eta gardentasunik ezaren» erakusgarri dela dio EH Bilduk. Baina «lotsagarria» iruditzen zaio EAJk kontu ikuskatzea eskatu izana. «Nola utzi zituen EAJk beste erakunde batzuk?». Gipuzkoako Foru Aldundia eta azken legealdira arte EAJk kudeatutako hainbat udalen zorrak jarri ditu adibide, eta «ikaragarrizko zulo ekonomikoa eragiten duten» Bilboko Hegoaldeko Saihesbidea eta BEC erakustazoka eraiki izana aurpegiratu dio.

Eredu horren aurka, «gizarte politikei eutsi ahal izateko kudeaketa eredu berria» aldarrikatu du: gardentasunerako neurriak, zerga politika progresiboa eta instituzioen arteko koordinazioa oinarri izango dituena. Koalizioaren ordezkariek iragarri dute datozen egunetan aurkeztuko dituztela neurri zehatzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.