Nafarroa

Garicano: "Ciudadanosek ez dio uko egiten foru erregimena indargabetzeari"

UPNk erantzun du atzo sinatutako akordioa bertan behera utziko dutela Ciudadanosek foru erregimena deusteko eskatuz gero.

Luis Garicano, Ciudadanoseko arlo ekonomikoko arduraduna, otsailean. VíCTOR LERENA / EFE
2019ko martxoaren 13a
17:33
Entzun

Hogeitalau ordu ez da iragan, eta hasi dira lehen liskarrak. Ser irrati katean, Luis Garicano Ciudadanos-eko arlo ekonomikoko arduradun nagusiari ezinbestean galdetu diote Hitzarmen Ekonomikoari buruz.

Garicanok erantzun du foru erregimena Konstituzioan txertatuta dagoela —berez, Konstituzioko lehen xedapen gehigarriak "foru lurraldeetako eskubide historikoekiko errespetua" adierazten du—, baina ohartarazi du jarraian euren aldarrikapen nagusia ez dutela baztertu: "Konstituzioa berritzeko hitzarmena balego, gure politika litzateke [Espainiako] lurralde guztiek erregimen hori izatea, argi eta garbi".

Berehala erantzun du UPNk, eta Javier Esparza alderdiko presidenteak gogorarazi du Albert Riverak foru erregimenarekiko eta eskubide historikoekiko errespetua azaldu duela: "Etorkizun batean, erregimena indargabetzea eskatuko balu, hitzarmena berehala bertan behera geratuko litzateke", ohartarazi du.

Esparzaren arabera, bi alderdien arteko hitzarmenak eskuineko botoak biltzea izango du helburu. Hala ere, kontraesanak azaleratzeaz gain, baditu zeharkalte gehiago: eurak nahi edo ez, UPNren eta Ciudadanosen arteko itunak autogobernuaren auzia agenda politikoaren erdigunean kokatu du.

Primarioak asteburuan

Ciudadanosekin adostutako akordioaren arabera, UPNri dagokio Espainiako Kongresurako lehen bost hautagaiak izendatzea. Senatuari dagokionez, berriz, Esparzaren taldeak izendatuko ditu bi hautagai eta haien ordezkoak.

Igandean egingo dituzte Kongresurako zerrenda osatzeko alderdi barruko bozak. Hautagai gisa aurkeztu direnen artean hainbat izen ezagun daude, besteak beste, Sergio Sayas, Eleonora Mihaylova edota Carlos Garcia Adanero. Senaturako, aldiz, ez dute primariorik egingo, hautagaitza bakarra aurkeztu baita: Alberto Catalan.

UPNk PPrentzat utziko du Kongresurako zerrendako hirugarren tokia, baita bigarren senatarigaia izendatzeko aukera ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.