Garitano: "Agerian geratu da ez zegoela inolako frogarik 'Egunkaria' ixteko"

jon olano
2014ko ekainaren 4a
17:34
Entzun

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak albiste ontzat jo du Egunkaria auziaren atal ekonomikoa itxi izana. Haren iritziz, "agerian geratu da ez zegoela inolako frogarik ez arrazoirik egunkaria ixteko eta zuzendaritako kideak atxilotzeko", eta berria ospatzekoa uste du. "11 urteko epairik gabeko justizia ez da justizia", erantsi du, nolanahi ere.

BERRIAri eginiko adierazpenetan, Euskaldunon Egunkaria-ren kontrakoa "prentsa askearen aurkako bigarren erasoa" izan zela azaldu du Garitanok, eta gogoan izan ditu Egin-en kontrako auziagatik preso jarraitzen dutenak.

Julen Arzuaga EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak ere hizpide izan du epaileak Euskaldunon Egunkaria-ren auzi ekonomikoa artxibatu izana. Espainiako Estatuari galdetu dio nola konponduko duen auzian zehar eginiko kaltea.

Arzuagak elkartasuna adierazi die auzian inputatuak izan direnei. Bestalde, nabarmendu du erabaki judizialak agerian utzi duela Euskaldunon Egunkaria-n ez zela inolako deliturik egin.

Markel Olanok, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJren bozeramaileak, Fiskaltzari eskatu dio ez diezaiola erabakiari helegitea jarri, eta buka dezala "amesgaizto hau" . "Gertatutakoa gogoratzean burura datozkit auzipetutako pertsonak, eta igaro duten sufrimendu guztia".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.