Bilduk «irizpide sendoak ditu», bere bidea egin du, hainbat erabaki hartu ditu eta «azken ondorioetaraino» eramango ditu aurrera, atzo Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan adierazi zuenez.
Espainiako Gobernuak eta hainbat alderdi politikok Bilduri ETAren amaiera eska dezan egiten dioten eskakizunari erantzunez, Garitanok esan zuen koalizioak bere irizpideak dituela eta ez duela joko «besteek jarritako partiturarik». «Guk geuk marraztutako estrategian sakontzeko asmo sendoa dugu», berretsi zuen.
Bakerako eta gatazka gainditzeko irizpideez mintzatu zen, bide horretan dauden zailtasun eta trabez, eta hainbatek «gatazka biktimen alorrera mugatu» nahi izateaz. Azken hori, Garitanoren arabera, «intentzio txarrez gatazka sinplifikatzea litzateke», eta «alor guztiak» aintzat hartu behar direla azpimarratu zuen. Biktimen gaia alderdikeriaz heldu beharrean Gernikako Akordioak biltzen duen gisan jorratu beharko litzatekeela esan zuen.
Espetxe politika ere hizpide hartu zuen, eta hura errotik aldatu behar dela zehaztu. Bateragune auzia eta Sorturen ilegalizazioa ere aipatu zituen, Euskal Herrian abiatutako prozesuari «galga jartzeko» saio gisa aipatu ere, baina ziur mintzatu zen Bildu ez dela eroriko «besteen probokazioetan» eta inor ez dela aterako «abiatutako bidetik».
Udazkeneko bozak
Bilduk maiatzean lortutako emaitza onak azaroan berretsi eta Aralarrekin batera EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak osatuko duten aliantzak «hobetu» egingo dituen uste sendoa ere erakutsi zuen Garitanok.
Garitano: «Sakondu egingo dugu geuk marraztutako estrategian»
Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez, «irizpide sendoak ditu» koalizioak, «eta ez du joko besteen partitura»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu