2012ko aurrekontuak

Garitanok dio EAJrekin eginiko ituna aurrera begirako urrats bat dela

Gipuzkoako aurrekontuak aurrera atera ahal izango ditu Bilduk, azken unean jeltzaleekin ados jarri baitaErrauste plantaren gaineko erabakia atzeratu dute, eta enpresentzako laguntzak gehitu

jokin sagarzazu
Donostia
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Foru gobernura heldu zenetik Batzar Nagusietan jarritako azterketa garrantzitsuena gaindituko du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2012rako aurrekontuak aurrera atera ahal izango ditu, azken unean EAJrekin eginiko ituna dela-eta. Martin Garitano diputatu nagusiak jeltzaleen jarrera txalotu du. Bi alderdien arteko elkar ulertzea «gauzak aldatzen hasteko urrats bat» dela dela adierazi du, eta egungo krisialdi ekonomikoaren testuinguruan gisa horretako akordio bat egitea «oso garrantzitsutzat» jo du. «Gipuzkoa berri baterako urratsa da, eta eredu ekonomiko eta produktibo berri baten oinarriak sendotzeko balio du», esan du Garitanok. Akordio horrek, gainera, Bilduren eta EAJren «printzipioak errespetatzen» dituela gaineratu du. Gainontzeko taldeei ere «arduraz» jokatzeko eskatu die diputatu nagusiak.

PSE-EEk eta PPk bezala, alderdi jeltzaleak osoko zuzenketa aurkeztu zuen Bilduren aurrekontu proposamenaren aurka, baina azken egunetan koalizioarekin izandako bileren ostean, hasierako erabakia aldatzea erabaki du. Hori hala, foru gobernuaren aurrekontuak atzera botatzeko Batzar Nagusietan eginiko bozketan EAJ abstenitu egin da, eta, ondorioz, Bilduren aurrekontuen tramitazioa erraztu. Zuzenketa partzialak eztabaidatu ostean, abenduaren 23an bozkatuko dituzte aurrekontuak.

Herenegun arratsaldean erdietsi zuten akordioa Bilduk eta EAJk, eta Markel Olano talde jeltzalearen bozeramaileak atzoko saioa egin aurretik eman zuen akordioaren xehetasunen berri, Batzar Nagusietan eginiko prentsaurreko batean. Garitanok, berriz, ez zuen akordioaren edukien inguruko baloraziorik egin.

Bi baldintza

Olanok azaldu duenez, osoko zuzenketa atzera botatzearen truke «bi baldintza» jarri zizkion EAJk Foru Aldundiari: enpresei krisiari aurre egiteko 10 milioi euroko diru laguntzak bideratzea eta Zubietako errauste plantaren inguruko edozein erabaki sei hilabete atzeratzea.

Olanok azaldu duenez, errauste plantaren gaia izan dute oztopo nagusia negoziazioetan. Bozeramaile jeltzalearen arabera, datozen sei hilabeteetan hondakinen gaineko hausnarketa egingo dute Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean, eta foru ganberan «eztabaidatu eta adostuko» dira egungo foru arauari egiten zaizkion plangintza eta aldaketa proposamenak —orain arte EAJk, PSE-EEk eta PPk bat egin dute errauste plantaren alde—. Aldi horretan, Bilduk ez duela «orain arte aurreikusi eta onartu diren azpiegiturak oztopatuko» adierazi du Olanok.

«Krisialdiari aurre egiteko planari» dagokionez, Olanok azaldu du foru aldundiak onartu egin duela Berrikuntza Sailak 8 milioi euroren laguntzak ematea Gipuzkoako enpresei. Ezagutzera eman du, halaber, laguntza hori beste bi milioitan handitu daitekeela udaberrian.

Jeltzaleak jopuntuan

Olanok azaldu duenez, negoziazioa «bizia eta gogorra» izan da, eta EAJ oposizio «eraikitzailea» egiten saiatu da. «Lortutako itunarekin oposizioa egiteko jarrera eraikitzailea hartzen dugu, betiere estrategikoak diren gaietan akordio zabalak lortzeko asmoz. Horrenbestez, jarrera arduratsua izan dugu; gizarteak hori eskatzen zigun».

Oso bestelako iritzia azaldu dute PSE-EEk eta PPk. Rafaela Romero bozeramaile sozialistak gogor kritikatu du Bildu eta EAJren arteko akordioa. «Bilduren arazoak baino ez ditu konpontzen», esan du.

Romeroren arabera, EAJk «Bildurekin bat egin du, eta proiektu estrategikoen aurkako jarrerara pasa da». «Bilduk Gipuzkoan eragingo duen hondamenaren erantzule izango da EAJ, %50ean», gaineratu du bozeramaile sozialistak.

PPko eledun Juan Carlos Canok ere alderdi jeltzalearen jarrera salatu du, eta zertara «jokatzen» ari den galdetu dio. «Badakite aurrekontu hauek ez direla onak. Zeinen eskuetan dauden ikusita, enpresarien artean eta kontsumoan mesfidantza eragingo dute, eta arriskutsuak izango dira garapen ekonomiko eta sozialerako». «Zuen esku dago egoera honi buelta ematea», esan die jeltzaleei.

Aralarrek, berriz, foru gobernuak aurkeztu dituen aurrekontuak «oso pobreak» direla adierazi du. «Ezer esaten ez duten aurrekontuen aurrean gaude, ez onerako eta ez txarrerako. Krisiaren aurrekontuen aurrean gaudela esan genezake, zalantzarik gabe. Trantsizio aurrekontuen aurrean. Hori espero dugu guk behintzat», esan du Rebeka Uberak.

Idoia Ormazabal Bilduko eledunak, berriz, foru gobernuak egindako «esfortzua» nabarmendu du, eta EAJrekin eginiko akordioa txalotu. PSE-EEri eta PPri «arduragabekeriaz» jokatzea leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.