Hiru lan ildo nagusi landuko ditu Araba Garoñarik Gabe ekinbideak urte politiko berrian, gaur goizean Gasteizen egindako prentsaurrekoan jakinarazi duenez. Alde batetik, ekinbideak instituzioei dei egin die, Arabako Batzar Nagusiek egin zuten moduan, Garoñaren irekiera ahalbidetzen duen errege dekretuaren aurkako helegitea jartzeko. Horrekin batera, dekretuaren behin-behineko etetea eskatzearen garrantzia nabarmendu du Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe ekinbideko bozeramaileak.
Beste alde batetik, Nuclenor osatzen duten bi elektrizitate enpresei aurre egiteko —Endesa eta Iberdrola—, energia hornitzaile alternatiboen "azoka" prestatzen ari dira. "Energia hornikuntzarako alternatibak badaudela erakutsi nahi diogu jendeari", esan du Friasek. Hirugarren ildo bezala, Europako Batasunera jo nahi du ekinbideak. "Energia nuklearraren gaiarekin estatuek eskumen asko dituzte, baina Europak gainbegiratzeko gero eta botere handiagoa du. Bereziki Fukushimakoaren ostean", azaldu du Friasek.
Araba Garoñarik Gabek, hiru ildoak lantzeko, Araban eta Europako Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi guztiekin bilera sorta egingo du heldu den hilean.