Santa Maria de Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearrak programatu gabeko geldialdi bat izan du gaur, karga jaisteko maniobra batean akats bat izan duelako, Nuclenor enpresak jakinarazi duenez. Haren arabera, horren ondorioz langileek, herritarrek eta ingurumenak ez dute arriskurik izan.
Aurreko legealdiko Espainiako Gobernuak (PSOE) zentrala 2013ko ekainean ixteko agindua emana du, baina oraingoa (PP) 2019ra arteko baimena ematearen alde azaldu da.
Garoñak 40 urtetik gorako bizia du —1970ean ireki zuten—, eta arazo teknikoak eduki izan ditu: hozte sisteman, suteak eragozteko sisteman eta kontrol sala isolatzeko sisteman, eta egiturazko beste hainbat ere bai. 2006tik Espainiako Estatuko zentralik zaharrena da.
Arabatik gertu dago, eta legealdi honetan Eusko Legebiltzarrak hura ixteko eskatu izan du.