Garoñako zentral nuklearra gelditzeko eskari ofiziala aurkeztu dio Nuclenor enpresak CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari. Igandean etengo dute jarduna, eskariaren arabera. Ez dago erabakia hartuta, ordea. CSNri badaezpadako eskari bat aurkeztu dio enpresak, zentrala gelditzekotan bi egun aurretik jakinarazi beharra baitauka. BERRIAk langile batzordeko iturrietatik jakin ahal izan du bihar biltzekoa dela enpresako administrazio kontseilua; orduan erabakiko dute zentrala gelditu edo ez. Erabakia bihar gauean edo larunbat gauean jakinaraziko dute.
Zergak ez pagatzeko maniobra da igandean zentrala gelditzea. Zentral nuklearrei zerga gehiago ezartzea onartu dute gaur bertan Espainiako Senatuan, eta horri ihes egin nahi dio Nuclenorrek: urtarrilaren 1ean martxan diren zentralei eragingo liekete zergek, eta egun horretarako jarduna eten nahi du Garoñan. Ez dute baztertu urtea hasi ondoren berriro martxan jartzea.