GIZARTEA

Garoñaren jarduera baimena luzatzeko aukera zabaltzeko eskatu dio enpresak Madrili

Zentral nuklearrari zabalik eusteko eskaria ez zuen aurkeztu bere garaian enpresak, eta irailaren 6an bukatu zitzaion epea. Orain Espainiako Gobernuari eskatu dio atea zabal dezala berriz. Nuclenorren asmoa litzateke beste urtebetez irekita jarraitzea, baina elektrizitatea sortu gabe.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko maiatzaren 17a
16:29
Entzun

Garoñako zentral nuklearrak zabalik jarraitu ahal izateko aukera irekitzeko eskatu dio Nuclenor enpresak Espainiako Gobernuari. Irailaren 6a baino lehen eskatu behar zion baimena, baina ez zuen hori egin; zerga berriak onartzekoak zituen Espainiako Kongresuak garaitsu hartan, eta Nuclenorrek ohartarazi zuen zerga horiekin ezinezko zela Garoña bideragarri egitea. Epea pasatzen utzi zuen hartara, eta, areago, abenduaren 16an eten egin zuen zentral nuklearraren jarduna. 

Uztailaren 6an amaituko da Garoña martxan izateko baimena, eta, "data hurbil dagoela ikusita", baimena luzatzeko eskaria egiteko epea luzatzeko eskatu dio enpresak Madrilgo gobernuari. Horretarako, indarrean dagoen dekretua aldatzeko eskatu dio Industria Ministerioari. Atzo aurkeztu zuten eskaria. Enpresak berretsi du, nolanahi ere, galderak egingo lituzkeela zerga sistema berria ezarrita. 

Araba Garoñarik Gabe elkartearen arabera, Endesak eta Iberdrolak “erronka berri bat jo diote” Espainiako Gobernuari. “Bitartean, errusiar erruletara jokatzen ari dira gure bizitzarekin eta segurtasunarekin”.  Elkartearen ustez, oso larria litzateke gobernuak eskaria kontuan hartzea. “Multinazional elektriko horien interesei eta nahiei men egitea litzateke”.

Eskaria egin dio Arabako Foru Aldundiari: “Argi eta sendo azal dezala gaiaren inguruan duen iritzia. Hala egiten ez badu, ez lituzke arabarren nahiak eta interesak errespetatuko. Beraz, foru gobernuko kideek dimisioa eman beharko lukete”.

Araban Garoñaren aurkako jarrera argia dagoela esan du EAJk, eta horren buruan jartzeko eskatu dio Javier de Andres ahaldun nagusiari. “Ezin dugu onartu Garoñak irekita jarraitzea. Denok azaldu behar dugu horren aurka”, adierazi du Ramiro Gonzalezek, EAJk Arabako Biltzar Nagusietan duen bozeramaileak. Jeltzaleek galdera bat erregistratu dute Biltzar Nagusietan, De Andresek izango duen jarrera argi dezan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.