Auzitegi Nazionalak arrazoieman dio Espainiako Gobernuari: Garoñako zentral nuklearra 2013ko uztailaren 6an itxi beharko da. Horregatik, gainera, Endesa eta Iberdrola enpresek ez dute kalte-ordainik jasoko, gobernuak baduelako eskumena halako zentralak noiz ireki eta noiz itxi erabakitzeko. Enpresa horiek kudeatu dute zentrala, Nuclenorren bidez. «Zentral nuklearraren jabeak ez du hura ustiatzeko eskubide mugagabea. Jarduteko baimena eskatzean ezezkoa jasotzeko arriskua du, nahiz eta CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak jarduera luzatzearen aldeko ebazpena eman. Izan ere, CSNren ebazpena bete beharrekoa da bakarrik jarduteko baimena ukatzen duenean», adierazi du Auzitegi Nazionaleko administrazioarekiko auzietako salak.
Modu horretan erantzun die Auzitegi Nazionalak ixteko aginduari helegitea jarri zioten bi aldeei. Batzuek —Nuclenorrek eta Gaztela eta Leongo Juntak, besteak beste— jarduteko baimena luzatzeko eskatzen zuten; eta besteek —ekologistek, CGT sindikatuak eta pertsona partikular batek, esate baterako— 2011n bertan itxi behar dela argudiatzen zuten. Guztira, 11 helegite jaso zituen Auzitegi Nazionalak gobernuaren erabakiaren aurka.
Auzitegi Nazionalak arrazoieman dio Zapateroren gobernuari, eta zentrala ixteko argudioak «ondo arrazoituak» daudela ebatzi du. Hala, auzitegiak uste du arrazoizkoa dela esatea energia berriztagarriak sustatzeko zentral nuklearrak itxi behar direla. Izan ere, zentral nuklearrek ezin dute euren potentzia erregulatu, eta energia ekoizpen gehiegizkoa dagoenean, eolikoak gelditu egin behar dira, zentral nuklearrak ezin baitira gelditu.
Auzitegi Nazionalak uste du gobernuak energia atomikoaren inguruan erabakitzeko askatasuna izan behar duela. «Energia atomikoak ika-mika handiaksortzen ditu gizartean, eta eztabaida handiak eragiten ditu». Energia mota horrek berez dakartzan arriskuak direla eta, gobernuak ahalmena du erabakiak «norabide batean edo bestean» hartzeko.
Horiek hala, ixtea «gobernuaren politika energetikoaren bidezko arrazoietan» oinarrituta dagoela dio auzitegiak, eta ez da ez «apetaren araberakoa», ez boterearen «desbideratze» baten ondoriozkoa.
Ingurumen eragina
Zentrala lehenbailehen itxi behar dela argudiatu zuten erakunde ekologistei auzitegiak erantzun die zentralaren jarduteko baimena luzatzeko ez dela ingurumen eraginari buruzko beste azterketa bat egin beharrik. Izan ere, ez da azpiegitura berria, baizik eta jadanik martxan dagoen baten jarraipena. Edonola ere, ingurumen azterketak eta txostenak kontuan hartu behar direla aitortu du Auzitegi Nazionalak.
Gaztela eta Leongo Juntak helegitean argudiatu zuen gobernuak ez zuela kontuan hartu erkidego autonomoen iritzia erabakia hartu aurretik. Hori eta informazio publiko orokorraren tramitea ez direla beharrezkoak ebatzi du auzitegiak. Parte hartzea urratu zaiela argudiatu dutenek kexa ez zutela administraziora zuzendu argudiatu du Auzitegi Nazionalak, eta prozedura hori errespetatu dela adierazi.
Auzitegi Nazionalaren ebazpenak boto partikular bat dauka. Izan ere, magistratuetako bat, Jesus Guerrero, epaiaren bi ataletan ez dator bat gainerako epaileekin. Hain zuzen ere, boto partikularra sinatu duen epaileak uste du Espainiako Gobernuak entzun behar zuela Gaztela eta Leongo Juntaren iritzia ixteko agindu aurretik. Bestalde, informazio eta parte hartze publikoaren tramiteak ez zirela bete uste du epaileak.
Gaztela eta Leonen helegitea
Ebazpenaren berri jakin bezain pronto erreakzioak heldu ziren atzo. Gaztelaeta Leongo Junta ez dago batere pozik epaileen erabakiarekin, eta Auzitegi Gorenera joko duela agindu du. Jose Antonio Santiago Juarez erkidego horretako gobernuko bozeramaileak gogoratu du boto partikularra sinatu duen epaileak arrazoieman diola bere gobernuari, eta helegitea horretan oinarrituko dutela agindu du.
Nuclenorrek ere gogor kritikatu du epaileen erabakia. Helegitea jartzeko aukera aztertu behar duela adierazi du. Enpresaren irudiko, epaileek ez dute dudan jarri zentralaren segurtasuna, eta arrazoi politikoetan oinarritu dira epaia idazteko. Hala, azaldu du zentralak «orain arteko segurtasun berme berarekin» jarraituko duela lanean.
Espainiako Industria Nuklearraren Foroak «zentzugabekeriatzat» jo du Garoña ixtea. Maria Teresa Dominguez foroko lehendakariaren irudiko, ez dago arrazoi tekniko edo ekonomikorik Garoñako zentrala ixteko,eta gogoratu du Espainian eta nazioartean egin zaizkion segurtasun proba guztiak gainditu dituela. Krisi garaian horrelako instalazioek lanpostuak eta argindarra bermatzen dituztela gogoratu du.
Munduan Garoñakoaren moduko 90 bat erreaktore martxan daudela adierazi du Dominguezek, eta %90ek luzerako baimena dutela.
Ildo beretik mintzatu da Tobalinako (Burgos, Espainia) alkateRafael Gonzalez Mediavilla ere. Hark adierazi du kezkatuta dagoela agindutako itxierarekin. Izan ere, 700 lagun lanik gabe geratuko direla ohartarazi du. Horrek herriari eta eskualdeari «oso etorkizun beltza» uzten diela gaineratu du. Itxierari «benetan aurre egiteko neurriak» eskatu ditu, zeren Espainiako Gobernuak agindu duen Garoña ixteko planak «apurrak» baino ez ditu utziko eskualdean, alkatearen aburuz.
Ekologistak, pozik
Greenpeace, Ecologistas en Accion eta CGT sindikatuak prentsa ohar bateratua egin dute epaia baloratzeko. Epaileen erabakia txalotu dute, eta gogoratu dute gobernuari ahalmena eman diola jarduteko baimena bukatzen zaienenean zentralak ixteko. Hala, Garoñakoa ez ezik, Espainian eta Herrialde Katalanetan dauden gainerako zazpi zentralak ixteko egutegi bat eskatu diote gobernuari. Besteak beste, Asco I (Herrialde Katalanak) zentralaren jarduera baimena urriaren 1ean amaituko dela gogoratu dute, eta gobernuari eskatu diote ez luzatzeko.
CGTren eta ekologisten ustez, Garoñari jarduera 2019ra arte luzatzea «ausarkeria» litzateke, segurtasun sistemak «oso kaltetuta» daudelako, eta Ebroren urak asko berotzen dituelako.
Ekologistek azaldu dutenez, CSNk berak aitortu du Garoñak segurtasun sistema batzuk oso ukituta daudela eta hainbat konponketa egin behar direla funtzionatzen jarraitzeko.
Energia nuklearra. Garoñaren itxiera
Garoña 2013an itxi behar dela ebatzi du Auzitegi Nazionalak
Nuclenorrek eta Gaztela eta Leongo Juntak jarritako helegiteak ez ditu aintzat hartu, eta arrazoi eman dio Espainiako GobernuariItxieragatik Endesak eta Iberdrolak ez dutela kalte-ordainik jasoko erabaki du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu